Josetxo Urrutia harrijasotzaile leitzarrak marka ahalegina eginen du igandean Hendaian

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 16a

Bi aldiz bere pisua eta arroba bat gehiagoko zilindro zaharra altxatzen saiatuko da

Josetxo Urrutia harrijasotzaile leitzarrak marka ahalegina eginen du igande honetan, apirilaren 19an, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan, goizeko 11:30ean hasiko den herri kirol jaialdian. Hiru harri-jasotzaile ariko dira lanean: Josetxo Urrutia leitzarrarekin batera, Urruñako Xabier Ostiz eta Xebaxtian Martikorena hendaiarra.

163 kiloko zilindro zaharra

Josetxo Urrutiak marka ahalegina egingo du. Bi aldiz bere pisua eta arroba bat gehiagoko zilindro zaharra bizkarreratzen saiatuko da; hau da 163 kiloko zilindro zaharra, bost minutuko txandan. Urrutiak 75 kilo eta 31 urte ditu. Marka pertsonala izanen da, eta homologatua, dopin kontrola egingo baitzaio. Urrutia orain dela zortzi urte hasi zen harri-jasotzen

Xabier Ostizek ere marka ahalegina

Xabier Ostizek ere marka berri bat eginen du 163 kiloko koadroarekin. Bost minutuko txanda egingo du, eta lau jasoaldi egiteko asmoz kantxaratuko da, proba ez da homologatu izanen. Ostizek urte bat egin du harri-jasotzen. Joan zen urtarrilaren 31n 123,5 kiloko koadroa.10 aldiz bizkarreratu zuen minuu eta 48 segundoan. Ostizek 22 urte ditu. Xebaxtian Martikorenak erakustaldi eskainiko du.

Sartzea doan

Jaialdia Hendaiako Besta Batzordeak antolatu du, eta Viana Do Castello (Portugal) eta Peebles (Eskozia) herriekin anaikidetu zela hamargarren urteurreneko ospakizunen barneko ekitaldia izanen da. Jaialdiaren sartzea doan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun