Gurutz bidea edo letariyak egiteko ohitura berreskuratuko da apirilaren 25ean

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 15a

60. hamarkadan galdu zen ohitura indartzeko deia egin dute herritar batzuk

Herriko jendeak ez daki zergatik utzi zitzaion letariyak egiteari, baina gazteok ez dugu urtero egiten zen ohitura hori ezagutu. Horregatik, txikitatik letariyak bizi izan zituzten herritar batzuk deia egin nahi izan dute gurutz bidea edo letariyak egiteko. Apirilaren 25ean, larunbata, herrian elkartuko dira mendi buelta egitera animatzen diren guztiak, eta Elizaren aurretik aterako dira. Lehenengo galbayua Juan Donostiakoa izango da. Hortik Arrinabarretako galbayora, Beltsoko itxolako galbayora, Gaartzako galbayora eta bukatzeko, Ipiñar-sasiko galbayora iritsiko dira.

Garai batean bezala, gosaria ere egingo dute tartean. Hau Sooluxen egingo da eta, herritar batek hartuko du ibilbidea egitera atera direnei mokadu bat eramateko ardura.

Baztertu ezinezko aukera izango da, dudarik gabe, letariyak egitea, Arano inguruan mendi buelta egitearekin batera, ohitura zahar baten kontuak eta istorioak ezagutzeko. Beraz, hilaren 25ean, 8:30ean, plazan elkartzera animatzen dugu nahi duen guztia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun