Ez dakigu Aimar Olaizola superstiziosoa den ala ez, baina martxoaren 29ko finala, bere ibilbide profesionaleko hamahirugarrena, nola galdu zuen ikusita ez litzateke harritzekoa izanen 13 zenbakiaren beldur izatea hemendik aurrera.
Mingarria izan zen Aimar, Oier eta jarraitzaileentzat finala horrela galtzea. Dena den, ondorengo prentsaurrekoan beraiek esan zuten bezala, «txarragoa izanen zen 22 eta 5 galdu bagenuen».
Jokoz eta harreman pertsonalaz ederki orekatutako bikotea da Olaizolak eta Mendizabalek osatzen dutena. Horregatik irabazi zuten iazko txapelketa eta aurten egin dute egindakoa. Finala bukatu bezain pronto bidali zieten mezua biek Asegarceko teknikariei: «hurrengo urtean ere jokatuko genuke elkarrekin pozik».
Aipatutako 13 finalei gainbegirada emanez, esan, 12 lehen mailan jokatu dituela Aimarrek: 4 buruz buru bi garaipenekin; 4 lau t’erdian beste hainbeste garaipenekin; eta beste 4 binaka garaipen batekin. Zerrendako hamairugarrena 19 urterekin eskuratutako bigarren mailako Buruz Buruko Txapelketa da. Nafarroako lau t’erdiko txapelketan ere, beste bi garaipen baditu Olaizola II.ak.
Irujo eta Goñiz gain, ETBk ere irabazi egin zuen martxoaren 29ko partidan, 453.000 zalek ikusi baitzuten finala Hego Euskal Herrian eta Errioxan. Orain arteko markak hautsi zituen ikusle kopuru honek.