Martxoaren 14an, arratsaldeko 4etarako trasteak Kontzeju aurrera ekartzeko deia egina zegoen eta, aurrenekoak lotsati xamar azaldu baziren ere, 5etarako azoka traste ugariz beteta egon zen jendearen harridura eta kuriositatea noiz asetzen hasiko zen zain.
Denetarik eraman zuen jendeak: arropak, zapatak, boltsak, koadroak, liburuak, bideoak, plater, katilu eta edalontziak, bitxiak, panpinak, puzzle eta bestelako jostailuak, lanparak, parrilla, eskiak, paretako erloju zaharrak, argizaiolak, labe elektrikoa... Etxean zen edozerk balio zuen eta zer saldua izan zela errez esan badaiteke, nork erosia ere izan zela ezingo dugu ukatu!
Azokaren ondotik, Kontzejun herri afaria prestatu zuten Imanolek eta Ainhoak. Bertan 30 lagun inguru elkartu ziren giro ederrean.
Korrikako bi kilometro
Azokan atera zen diruarekin, ondotik egin zen afarian atera zenarekin eta Udalak eman zuenarekin, Korrikako bi kilometro erosteko adina lortu da. Hala ere, aranoarrek, Kaxetatik Benta Berri arteko bidea korritu behar izan zuten martxoaren 28ko iluntzean. Egunean bertan, berriz, Kaxetara elkarrekin jaisteko, arratsaldetik herriko tabernarien laguntzarekin prestatutako pintxo-poteoan elkartu ziren herrikoak, Korrikari behar bezalako umorearekin eutsiz. Korrikaren alde prestatutako ekintzetan, herriaren inplikazioarekin pozik gelditu dira antolatzaileak beste behin ere. Eskerrik asko Arano!