Leitzako Udalak, Nafarroako beste hainbat Udalek bezala, euskara ardatz duen LTD edo Lurreko Telebista Digitalaren inguruko mozioa edo adierazpena onartu zuen otsail amaierako bilkuran. Modu honetan, Nafarroako Gobernuari bi eskaera egin zizkion.
Lehena: «Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren hitzarmenak sina ditzala LTDren bidez, Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoko ETB1 eta ETB3 kateak ikusi ahal izateko». Eta bigarrena: «Nafarroan tokian tokiko euskarazko telebistak ikusteko aukera eskaintzea, eta horretarako, Nafarroako Gobernuak telebista kate horiei beharrezkoak diren lizentzia digitalak ematea».
Euskarazko telebistarik gabe
Udalean onartutako mozioen arabera, «LTDk ez du aukerarik ematen euskaraz emititzen duten kate bakarrak Nafarroan ikusteko». Hau da, ETB1 eta ETB3 ezingo lirateke Nafarroan ikusi. Bestalde, tokian tokiko telebista kateak ere, Xaloaren kasu, lizentziarik gabe emititu ezinik geldituko lirateke. Hau gerta ez dadin, Udalak Europako Kontseiluak 1992an onartutako Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartan jartzen duen pasarte bat azpimarratu du: «erregio edo gutxiengoen hizkuntzan nahiz hauen antzekoren batean sortutako idatzizko informazioa dela-eta, adierazpen askatasunari edo informazioa askatasunez hedatzeari buruzko mugarik ez jartzeko konpromisoa».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!