Leitzako Kultur Taldearen esker gutuna herritarrei

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 18a

Leitzar jator hori:
Ikusiko zenuen noski EAk banatu duen aldizkaritxoa, eta zeinen trataera bitxi eta harrigarria ematen dion Leitzako Kultur Taldeari. Bada, jakizu Orantzaroaren festaz haien galdera jaso bezain laster erantzun geniela. Eta orduan adierazia berresten dugu. Honatx, jakinaren gainean egon zaitezen, EAri bidali genion eskutitza koma bat bera ere aldatu gabe:
«Leitzako Eusko Alkartasunari:
Orain berriro guri zuzendutako eskutitz bat jaso dugu zuen aldetik. Bertan galdera bat luzatzen diguzue; Olentzeroaren antolaketan zuek gonbidatuak ez izatearen arrazoia.
Lehenik eta behin, gure esker ona adierazi nahi dizuegu zuen interesagatik. Zinez garrantzitsua da herrian antolatzen diren gauzetan parte hartzea eta interesatzea zein kezkatzea.
Bigarrenik, harridura puntu bat ere azaldu nahi dizuegu. Izan ere, alderdi politikoei inoiz ez diegu zuzeneko gonbidapenik egin, gure ardurapeko lanetan aritzeko. Nahiz eta, jakina denez, nornahi beti ongi etorria izaten den lanean aritzeko eta laguntzeko. Gainera, dagoeneko 30 urteko ibilbidea badugu. Eta jarduerak urte osoan egiten ditugu: Kultur Astea, Antzerki zikloa, musika emanaldiak, hitzaldiak,… Edozein moduz, argitze aldera, Orantzaroaren festa dela eta ez dela, gure irizpideak adierazi nahi dizkizuegu. Duela bi urte Olentzeroari buruz eztabaidatu genuen taldean, eta urtetik urtera bertako festa hori indarra galtzen ari zela ohartu ginen. Gero eta jende gutxiagok hartzen baitzuen parte. Eta zerbait egin behar zela erabaki ondoren, Aurrera elkartera jo genuen, gure kezka hura mahai gainean paratzeko. Haiek ere gure kezka berdinak zituztela eta, lanari ekin genion. Zenbait bilera egin, eta Olentzeroaren festa gorpuztuz joan zen.
Geroztik, urri aldera hasten dira bilerak festa hori antolatzeko, eta bertara gonbidatuak eragile hauek izaten dira:
· Alke Altzadi Leitzako Kultur Elkartea, ideiaren bultzatzailea izakio, hainbat material bildu duelako eta ardura bere gain hartua duelako.
· Aurrera Elkartea, historikoki antolatu izan dituelako Eguberrietako festak, eta herriko eragile garrantzitsu eta ezinbestekoa delako. Ekarpen haundiak egin ditu, gainera.
· Guraso Elkartea, eguerdiko Olentzeroa haiek antolatzen dute, eta, horrenbestez, koordinazio lan bat egin behar baita.
· Aurrerako Dantzari Taldea, haiei esker egiten delako, hein haundi batean, oraingo plazako festa, prestatzen duten saio ederrak lan haundia ekartzen die.
· Udala, plazako azpiegitura eskatzen baitzaio: plaza itxi, argi indarra eman, balkobeak utzi, plazako argiak itzali, etxola jarri, surako ontzia...) Material horiek eskatu eta koordinatzeko, kultur batzordeko lehendakari den Jon Arangoa joaten da behar diren bileretara.
Honetaraz gero, berriz ere eskerrak emanez, gure gonbidapenik zintzoena egin nahi dizuegu taldeak antolatzen duen urte osoko kultur programan parte hartu eta ekarpenak egiteko. Kultur taldearen ateak, bestela ezin izan gainera, zabal-zabalik dituzue, baita lanean aritzeko prest dagoen edozeinek ere. Gainera, izugarri eskertuko genuke lagun gehiago izatea lan nekeza horretarako. Mesede ikaragarria izanen litzateke guretzat!!!
Hala, aski duzue gure taldeko edozein kiderengana hurbiltzea eta galdetzea. Esate baterako: Juanmari Barriola, Fernando Oiartzun, Koro Makazaga, Julian Zabaleta…
Bukatzeko, espero dugu zuen kezkak eta zalantzak argituko zirela, eta jaso ezazue gure agurrik beroena.

Leitza, 2009ko otsailaren 4a.
ALKE».
Kontu horiek horrela, eta aurreratze aldera, ALKEko partaideok honakoa adierazi nahi dizugu, leitzar zintzo eta jator zaren horri, zinez eta benaz: LEITZAR GUZION LAGUNTZA BEHAR DUGU KULTUR TALDEAN. Hara! jende gutxi gara taldean, guziok borondatezkoak eta helburua argia dugu; kultura sustatze hutsa. Gainera, saltsa eta programa handitan sarturik gaude. Urte osoko programa aberatsa egin nahi baitugu, herrian berean kultur eskaintza oparoa izan dezagun. Besteak beste; kultur astea, emakumeen eguna, naturari buruzko jardunaldia, antzerki zikloa, musika emanaldiak, Webgunea… Mesedez, kultur alorrean lanerako gogo eta asmorik baldin baduzu, zatoz ostiraletan arratsaldeko 8etan egiten dugun bileraren batera; edo bestela galdeiguzu zuzenean. Eta ekin lanari gurekin batera, gure herriak kultura alorrean ere aberatsa izaten segi dezan.
Amaitu aurretik, egokiera hau baliatu nahi dugu gure esker ona adierazteko herritar guziei, berdin antolakuntzan laguntzen diguzuenei, berdin jardueretara hurbiltzen zaretenei. Eta, ez ditugu ahaztu nahi, zintzo eta leial, kultur asterako-eta laguntza ematen duzuen lantoki, komertzio, jatetxe, talogileak... eta gainerako guziei.

Eskerrik asko eta sarri arte!!! - Altzadi Leitzako Kultur Elkartea - (ALKE)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun