Beste garaipen bat Iera Agirre eta Saioa Aristorenarentzat Emakumea Pilotari Irekian

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 11

Ostiral arratsean Aspeko pilotarien jaialdia izanen da Leitzako Amazabal pilotalekuan

Aurrerako pilotariek hainbat partida jokatu dituzte asteburu honetan. Aipatzekoa da Iera Agirre eta Saioa Aristorenak Emakumea Pilotari Irekian beste garaipen bat lortu zutela larunbatean Aginagan, Tijero eta Gutierrez-i 30 eta 10 irabazita. Errekako txapelketan, infantil mailako txapela lortu zuten Anartz Olanok eta Jon Iparragirrek, finalean 18 eta 5 irabazi baitzieten Larunbe eta Alduntzini. Lezamako txapelketako finalean izanen direnak Jaunarena eta Zabaleta dira. Jubenil mailako finalerdian 22 eta 17 irabazi zieten Mendinueta eta Olalderi. Berria txapelketan, Burlatarekin ari diren Jaunarena eta Taintak 22 eta 18 irabazi zieten Arbizuko Ezkurdia eta Lukin-i.

Nafarroako Kirol Jolasak Amazabalen

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean zenbait partida jokatu ziren joan den astean Amazabalen. Asteazkenean, lehen mailako infantiletan, Aurrerako bi bikote izan ziren aurrez aurre eta Anartz Olanok eta Ibai Barberenak 18 eta 15 irabazi zieten Ander Gartziarena eta Mikel Sagastibeltzari. Larunbatean, lehen mailako kadetetan, Aurrerako Xabi Apezetxea eta Mikel Hernandorenak Errekako ordezkarien kontra jokatu beharreko partida ez zen jokatu, hauek ez baitziren aurkeztu. Beraz, 18-0 leitzarren alde. Bigarren mailako benjaminetan, Aurrerako Ander Alduntzin eta Joseba Eskuderok 12 eta 18 galdu zuten Gure Pilotako bikotearekin. Kategoria berean, Beñat Altzelai eta Joanes Illarregik ere Gure Pilotako beste bikote batekin aritzekoak ziren, baina hauek azaldu ez zirenez 18-0 irabazitzat eman zieten partida leitzarrei. Hirugarren mailako alebinetan, David Muenala eta Josu Sukuntzak 6 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko bikotearekin. Bigarren mailako alebinetan jokatu gabe gelditu ziren Aimar Gil eta Mikel Eraso, Gure Pilotakoak ez baitziren aurkeztu. Beraz, partida irabazia Aurrerakoentzat. Bigarren mailako infantiletan, Julen Goikoetxeak eta Lenitz Galartzak 18 eta 11 irabazi zioten San Migueleko bikoteari. Lehen mailako infantiletan, Oier Igartuak eta Ibai Gilek 4 eta 18 galdu zuten Txarutako bikotearekin. Hirugarren mailako kadetetan, Xabier Erasok eta Mikel Onsalok 22 eta 15 irabazi zieten Aralar Mendiko bikoteari.

Etxetik kanpo

Leitzatik kanpo jokatu ziren partidetan, Burlatan, lehen mailako kadetetan, Joxerra Aizagirrek eta Xabi Jaunarenak 19 eta 22 galdu zuten Zugarraldeko bikotearekin. Lizarran, lehen mailako alebinetan, Jon Lezeak eta Ander Eskuderok 18 eta 14 irabazi zioten San Migueleko bikoteari. Iruñeko Aranzadin, bigarren mailako infantiletan, Iñigo Mitxaus eta Iñaki Saralegik 18 eta 17 irabazi zioten Mendillorriko bikoteari. Noainen, hirugarren mailako benjaminetan, Jon Sukuntzak eta Beñat Billabonak 18 eta 12 irabazi zioten Noaingo bikoteari eta Irurtzunen, bigarren mailako infantiletan, Markel Barriolak eta Xabier Zubiriak 18 eta 8 irabazi zioten Bi Aizpeko bikoteari.

Profesionalen jaialdia ostiralean Amazabalen

ASPEko profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira martxoaren 13an, ostiral aratseko 8etatik aurrera Leitzako Amazabal pilotalekuan. Lehenik, eskuz banaka, Jon Apezetxea goizuetarra Ongay irurtzundarraren kontra. Segidan, binakako partida nagusian, Mikel Olazabal aresoarra eta Abel Barriola leitzarra, Gonzalez eta Beroizen kontra ariko dira. Sarrera 20 eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun