295 kiloko harria bizkarreratu du Inaxiok

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 2a

Argazkia: Asier IMAZ TTIPI TTAPA

Lehenbiziko saiakeran ez, baina bigarrenean bai. Otsailaren 22an, Inaxio Perurenak 295 kiloko harri errektangularra bizkarreratzea lortu zuen Azpeitian. Zama horretako harria jaso duen harri-jasotzailerik gazteena da, 25 urte baititu; urtarrilaren 10ean betetakoak. Gainera, 300 kilokoen zerrendatik bortz kilora geratu da Leitzako gaztea. 2007an 290 kiloko koadroa leporatu zuen Asteasun. Joan zen abenduaren 31n, berriz, lehen aldiz ahalegindu zen 295 kilokoa leporatzen, baina birritan saiatu arren, ez zuen lortu. Azpeitiko saioan, ordea, lehenik 250 kilokoarekin beroketa egin, eta aita alboan zuela heldu zion 295ekoari. Leitzarrak 15 segundo eta 30 ehunekotan jaso zuen harria. Inaxioren marka homolagatuta geratuko da. Dopin kontrola egin zuen, eta Euskadiko Herri Kirol Federazioko epaileek kontrolatu zuten leitzar gaztearen marka ahalegina. Aurten 234 kiloko harria esku bakarrarekin jasotzen ahaleginduko dela aitzineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun