Lehen faseko azken pausoa eman du Leitzaldeko herriak bere baitan hartzen dituen Mendialdeko Agenda 21ek eta orain Ekintza 21 izenekoari ekin beharko diote Udalek, Cederna-Garalurren laguntzarekin. 2007ko ekainean ekin zion Terra-Prometeako lantaldeak Agenda 21 egitasmoa osatzen duten bi faseetan lehenari: diagnosiari. Diagnosia osatuta, etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuei forma ematen aritu ziren gero. Lau estrategia, hamar programa eta datozen urteetan Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberrirako lehentasuna duten 58 ekintza zehaztu dira. Ekintza horien artean, komunikazio arloan, garraio publikoa hobetu eta asteburuetan gaueko garraioa bultzatu edo Internet eta sakalekoen sareak hobetzea daude.
Ingurumen arloan, uraren erabilera eta kontsumoa aurrezteko plana, Nafarroako Hondakin Partzuergoan parte hartzea edo etxeko konpostaje proiektua martxan jartzea dira lehentasun batzuk. Alternatiba gisara biomasaren erabilera landu nahi da.
Hirigintza eta lurralde antolaketarako Udalak koordinatzea proposatu da eta «Nafarroako birika» izateagatik konpentsazioa negoziatu nahi da Gobernuarekin. Etxebizitzaren arazoa ere konpondu nahi da. Kultur eta kirol arloa elkarlanean garatu eta enplegua hobetzeko lan-mahaia osatu nahi da. Abeltzaintza eta nekazaritzaren errealitatea