Korrikaren alde 2. eskuko gauzen azoka eginen da martxoaren 14an

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 13:40

Horrez gain, gauean herri afaria eginen da

Gauza jakina da aurten ere Euskal Herriko hainbeste herritatik Korrika pasako dela. Aranon, Korrika herritik bertatik pasatzen ikustea ez da erraza izango, baina Kaxetatik bai, pasako da, Goizuetatik Hernani alderako ibilbidean. Korrika martxoaren 28an pasako da hemendik, eta aurretik lantxo batzuk baditugu egiteko, kilometroren bat euskararen alde erosi nahi badugu!
Korrika aitzakia hartuta, martxoaren 14an, Korrikaren aldeko 2. eskuko gauzen azoka eginen dugu. Azoka horretan, herritarrek eta borondatea daukan edozeinek eramandako trasteak jarriko dira salgai. Denon artean atondutako azoka izango da eta, saltzaile eta erostun denok izango gara modu batean zein bestean.
Trasteak azokara eramateko bi modu daude: egunean bertan azokara norberak eraman edo 948 514299ra deitu eta etxetik pasako dira bila. Horretaz aparte, egun horretan herri afaria eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun