1959ko otsailaren 1a zen. Bi urte obratan pasatu ondotik egun horretan jarri zen martxan Leitzako Sarrio paperfabrika. Leitza goitik behera aldatu zuen enpresa izan zen. Abeltzaintza eta nekazaritza utzi eta bizia aurrera ateratzeko beste aukera ekarri zuelako Leitzara eta ingurura. Biztanlerian ere iraultza eragin zuen eta 1960an 1.626 biztanle izatetik, 1980an 3.262 izatera pasatu zen. Geroztik 50 urte igaro dira, eta gorabeherak gorabehera, oraindik funtzionamenduan segitzen du. Patxi Arrazola zestoarraren ekimenez ireki zen Sarrio Leitzan. Berrobin (Gipuzkoa) martxan zegoen Uranga paperfabrikako kudeatzailea zen Arrazola eta hark Leitza aukeratu zuen paperfabrika berria zabaltzeko. Gainera, orduko Leitzako Udalak ez omen zion batere trabarik paratu. Ehun bat langilerekin hasi zen lantegia, enpresa haundi baten esku gelditu zen 1991n, estatu espainiarreko papergintza kontrolatzen duen Torraspapel enpresaren esku, hain zuzen. Gaur egun, 450 langile inguru ditu, baina bere garairik oparoenean 1.500etik gora ere eduki zituen.
Jesus Azpirotz, Pilar Azpirotz, Juanito Alduntzin eta Felipa Aierdi leitzarrek ongi gogoan dituzte Sarrioren hasierako urte haiek. Fabrikaren lehendabiziko ehun langile haietakoak izan ziren. Halere, herriko lantegian hasi aurretik Berrobiko Uranga fabrikan ibili ziren ikasten. Urte gogorrak izan ziren, eta gogotik lan egin behar izan zuten, «zenbaitetan goizean 8:00etan sartu eta gauean 22:00ak arte», dio Pilarrek.
Guztiak ere gazte hasi ziren Sarrion, gehienak eskola bukatu eta handik gutxira, eta beste zenbait baserria utzita. Jesus, adibidez, 20 urterekin sartu zen paperfabrikan eta 40 urtez han ibili zen, pintadora deituriko makinan. Juanito ere makina berean aritu zen, baina errelebo desberdinean. 14 urterekin baserria utzi eta Sarriora jo zuen eta 42 urte pasatu zituen hantxe.
Langile gehienak gizonak izan arren, emakumeek hasieratik defendatu zituzten euren eskubideak, eta protesta egin behar bazen, horretan lehenbizikoetarikoa zela aitortu digu Pilarrek: «emakumeak elkartu eta soldatak hobetzeko eskatzen genien nagusiei, baita lortu ere». Pilar zein Felipa, bata zein bestea, gazteak ziren Sarrion sartu zirenean, 21 urte zituen Pilarrek, eta 22 Felipak. Pilarrek 34 urte pasatu zituen «paperak pasatzen eta orriz-orri kontatzen». Egun, makinek egiten duten lana egiten, alegia. Felipa, berriz, 28 urte bete arte ibili zen kalitate kontrolean eta gero lantegia utzi zuen. Beste emakumezko askok bezala, ezkontzeko. Trukean indemnizazioa jaso zuen.
Sarrion hasi arte,txoriak bezala libre
Lantegian sartu eta gelditu gabe lanean hasteak aldaketa nabarmena eragin zuen langileen bizitzan. Feliparen hitzetan, «ordura arte libre ibiltzen ginen, txoriak bezala, eta fabrikan sartu eta han egotea aldaketa haundia izan zen». Baina etxetik bertan, «bost minutura», dio Pilarrek. «Hori zen onena».
«Egunean 30 pezetako jornala». Jesusek esan digunez, horixe jasotzen omen zuten eguneko. Juanito, berriz, egindako lanaren arabera nagusiek erakusten zizkieten txartelez oroitu da: «txartel arrosak lana ongi eginez gero, eta beltzak gaizki eginez gero».
Baina poliki-poliki baldintzak hobetuz joan ziren eta herria ere asko aldatu zen. Neurri batean onerako, baina baita txarrerako ere. Pilarren arabera, hondamena ekarri zuen herrira: «langileentzako pisuak egiten hasi zirenean ordura arteko itxura galdu zuen Leitzak».
Amazabal Patronatua
Bestelako berrikuntzak ere ekarri zituen Leitzara Sarriok, hala nola, Amazabal Patronatua. Herritarrak, Udala, Eliza eta enpresa izan ziren Amazabal Patronatuaren sustatzaileak eta horren bidetik, besteak beste, frontoia, eskola profesionala, nekazaritza eskola, ikastola, liburutegia, herriko plaza... eraiki ziren.
Lau produkzio lerro
Paper berezia egiteagatik izan da ezaguna betidanik Sarrio, gaur egun, Sarriopapel y Celulosa deitua. Lau produkzio lerro ditu: eurokotea –goi mailako etiketak egiteko–, autokopiatzailea edo eurokalkoa –paper-ikatza erabili gabe duplikatuak egiteko–; metalizatua –%100ean birziklatua eta enbase eta ontzien etiketetarako–; eta termikoa –errezibu, etiketa, ticket, fax eta abarretarako–.
Baina paper bakoitzaren garapena urteekin aldatu den zerbait izan da. Poliki-poliki bere produktu gama zabaltzen joan zen Sarrio. 1963an, Txileko enpresa baten esku gelditu zen eta horrekin batera, 1964an eta 1965ean, eurokote papera eta metalizatua lantzen hasi zen. Eurokalkoaren produkzioa beranduago sartu zen, 1971n. 1999an, berriz, Black Clawson iztukatzailea –estukadora– paper termikoaren produkziorako egokitu zuten. Ordurako, ordea, Torraspapel taldearen eskuetan zegoen Sarrio.
Garaiak eta modak zerikusi haundia du produkzioan eta papergintzan ere halaxe da. Gaur egun, esaterako, paper metalizatu eta termikoaren produkzioa gora doan bitartean, eurokote eta eurokalkoarena behera doa, eta hori mantentzea da orain enpresaren erronka.
Klase guztietako nagusiak
Sarriok Leitzan daramatzan 50 urteotan gisa guztietako nagusiak pasatu dira lantegitik. Patxi Arrazolaren inguruko kexarik ez diegu entzun orduko langileei. Geroztik, baina, dezente pasatu dira, eta tartean ezagun egin direnak ere bai.
1991n paperfabrika Torraspapelek bereganatu zuenean, ikaragarrizko zorrak agertu ziren. Torraspapelek erosi arte Javier de la Rosa izan zen arduraduna, KIO eskandaluan 500 milioi dolar bereganatu eta geroztik kartzelan dagoen huraxe, hain zuzen. Haren iruzurren ondorioz, beste hainbat tokitan bezala, ordainketak eten egin behar izan zituzten Sarrion eta aldi baterako erregulazioak etorri ziren. Halere, garai korapilatsu hura pasata, hobera egin zuen eta bere gorabeherekin bada ere, aurrera doa. Berriki, gainera, zuzendari berria izendatu dute: Luis Ortega.
Edonola ere, sindikatuak zuhurtziaz, LABen arabera, «gauzak gauetik goizera alda daitezkeelako» eta ELAren hitzetan, «ezin delako inoz jakin zer etorriko den».