Mendialdeko Agenda 21ek Iraunkortasunerako Ekintza Plana aurkeztu du

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 26a, 11:54

Datozen 5 urteetarako 58 ekintza zehaztu dituzte

Malerrekan duela bi aste egin bezalaxe, lehen faseko azken pausoa eman du Leitzaldeko herriak bere baitan hartzen dituen Mendialdeko Agenda 21ek ere eta orain Ekintza 21 izenekoari ekin beharko diote Udalek, Cederna-Garalur erakundearen laguntzarekin. 2007ko ekainean ekin zion Terra-Prometeako lantaldeak Agenda 21 egitasmoa osatzen duten bi faseetan lehenari: diagnosiari. Diagnosia osatuta, Mendialdearen etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuei forma ematen aritu ziren gero. Orain, bada, garrantzitsuak izan daitezkeen proiektuen zerrenda prestatu dute Terra-Prometeako teknikariek, Iciar Montejo, Zorione Aierbe, Gurutze Santos eta Esti Lopezek. Lau estrategia, hamar programa eta datozen lau-bost urteetan Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberrin gauzatzeko lehentasuneko 58 ekintza zehaztu dituzte eta horien berri ematen zuen Zonaldearen Iraunkortasunerako Ekintza Plana aurkeztu zuten joan den astean.

Komunikazioa eta ingurumena

Ekintza horien artean, komunikazio arloan, garraio publikoaren antolaketa hobetzea eta asteburuetan gaueko garraioa bultzatzea edo Internet eta telefono mugikor sareak hobetzea daude. Ingurumen arloan, uraren erabilera eta kontsumoa aurrezteko plana, Nafarroako Hondakin Partzuergoan parte hartzea edo etxeko konpostaje proiektua martxan jartzea dira lehentasuneko lanetako batzuk. Garapenen alternatiba gisara biomasaren erabilera landu nahi da.

Hirigintza eta lurralde antolaketa

Hirigintza eta lurralde antolaketarako Mendialdeko Udalak koordinatzea proposatzen da eta “Nafarroako birika” izateagatik nolabaiteko konpentsazioa negoziatu nahi da Nafarroako Gobernuarekin. Etxebizitzaren eskuragarritasuna hobetzeko plangintza ere landu nahi da.

Kultura, kirola, lana eta irakaskuntza

Mendialdeko kultur eta kirol arloa mahai teknikoa osatu nahi da eta urteko programazio bat elkarlanean garatu. Mendialdeko enplegua hobetzeko lan-mahaia ere osatu nahi da eta batez ere gazte eta emakumeentzako lana sortu. Abeltzaintza eta nekazaritzaren errealitatea lantzeko mahaia ere osatu nahi da. Irakaskuntzan Mendialdean eskaintzen diren 0-3 urte bitarteko plazak gehitu nahi dira eta zonaldeko kultur ekipamenduen beharra aztertuko da, bideragarritasun ikerketa batekin eta beharrezko hornikuntzak eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun