Iñaxio Perurenak otsailaren 22, igandean 295 kiloko harri errektangularra edo koadroa bizkarreratu zuen Azpeitian. Horrenbestez, zama horretako harria jaso duen harri-jasotzailerk gazteena da, 25 urte baititu; joan zen urtarrilaren 10ean bete zituen 25 urte. Gainera, 300 kilokoen zerrendatik 5 kilora geratu da leitzar gaztea. 2007an 290 kiloko koadroa leporatu zuen Asteasun, abenduaren 31n. Joan zen abenduaren 31n, berriz, lehen aldiz ahalegindu zen 295 kiloko leporatzen, baina birritan saiatu arren, ez zuen bizkarreratu; gaur bai, ordea.
Igandeko haleginari dagokionez, 13:20an kantxaratu da Izarraitz pilotalekuko kantxara. lehenik 250 kilokoarekin egin zuen beroketa saioa, eta aita alboan zuela heldu zion 295ekoari. Amorru biziz heldu zion, eta joan zen abenduaren 31kako ahaleginean eginiko hutsaren errebantxa hartzeko asmo osoz. Izter gainean jarri du lehenik, paparrera goratu segidan, eta bularrean etzanda zuela harria, hiru bote eman ditu bizkarrean berdindu aurretik.
Iñaxioren marka homolagatuta geratuko da. Dopin kontrola egin du, eta Euskadiko Herri Kirol Federazioko epaileek kontrolatu dute leitzar gaztearen marka ahalegina.
Historia pixka bat:
Iñaki Otaegi Gibitegi Goiazkoak (Gipuzkoa) 300eko koadroa leporatzea lortu zuen 1993an, Zizurkilen (Gipuzkoa).
Gibitegik 1997an utzi zion harriak jasotzeari, ofizialki, 38 urte zituela. Hain justu ere, 300 kilokoa bizkarreratu ondoren hasi zitzaizkion gerriko arazoak sortzen. 1991n jaso zuen 295 kilokoa.
Iñaki Perurenak, Iñaxioren aitak, 320 kilotan utzi zuen bere marka ezarrita. Donostian lortu zuen marka, 37 urte zituela.
Miel Saralegi Leitzakoak (Nafarroa) du harri handiekin eginiko markarik handiena, 329 kiloko koadroa leporatu baitzuen, 32 urte zituela. Hain zuzen ere, 1991n jaso zuen Saralegik 300 kilokoa, Leitzan, otsailaren 23an; Gibitegik ere 1991n jaso zuen 295ekoa.
Horrenbestez, harri handien marken ahaleginean, laugarren postuan kokatuta 110 kiloko gazte leitzarra, Saralegi, aita Iñaki eta Gibitegiren gibeletik.