Udalbatzak aho batez onartu ditu 2009. urterako aurrekontuak. Ohiko udal bilkura ilbeltzaren 29an egin zen, eta EA, PP eta UPNren ordezkariekin batera hautetsi independentistek bozkatu zuten. Azken hauek aurkeztutako behin-behineko aurrekontuek alderdien ordezkarien babesa eduki zuten. Behin-behineko aurrekontua 3.674.903 eurokoa da.
Diru-sarrerak
Diru-sarrera gehien tokiko entitateen administrazio orokorreko transferentzien bidez jasoko da. Honen barnean, Ogasun Lokaleko Fondoari dagokio diru kopururik altuena, 650.000 euro.
Gastuak
Udalak aurten bilduko duen dirua gastuak ordaintzeko izanen da. Gastuen atalean, inbertsio errealetara bideratuko da diru gehien: 1.312.610 euro. Honen baitan, biribilguneko obrak, Patxi Arrazolako zoladura, eskolako hobekuntzak, zabor bilketarako ibilgailua, UE-32ko urbanizazioa eta mendi-aldaketak eta garbiketak azpimarratu behar dira.
Ondasun arrunta eta zerbitzu gastuen atalak 1.027.136 euro bereganatuko ditu. Atal honetan konponketak, mantenimendua, materialak eta abar sartu ditu Udalak. Herriko jaietara bideratuko den dirua ere hemen ageri da. San Tiburtzio Jai Nagusietarako, adibidez, 75.000 euro aurreikusi dira.