ttipi-ttapa Heineken lantegiko langile gehienek ontzat hartu dute otsailaren 9an egindako batzarrean Langile Batzordeak (ELAko 5 ordezkari, LAB-eko 3 eta UGTko 1) zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa. Langileen %75ak onartu du eta laister behin betiko akordioa sinatuko dute. Gaur egun 82 langile ditu lantegiak, horietatik 68 langile finkoak dira, 12 langile finko etendunak eta 2 ebentualak. Lantegia itxiko dela gauza jakina da eta poliki-poliki martxotik aurrera hasiko omen dira produkzioa jeisten. Onartutako akordioaren arabera, 44 langilek aurrejubilazioa hartuko dute; 12 langile enpresako beste lantegietara joanen dira eta beste batzuk lagundutako bajak hartuko dituzte eta banaketa enpresetan lanean hasteko aukera izanen dute.
ELA sindikatutik ongi baloratu dute planaren edukia, «nahiz eta enpresa ixtea inoiz ez den berri ona». Sindikatu honen ustez, «langileek eta sindikatuek egindako presioari esker lortu da akordioa, Nafarroako Gobernuaren jarrera erabat pasiboa izan baita». Aurrejubilazioa hartzeko aukera izanen dutenak 2009, 2010 eta 2011 urteetan 50 urte beteko dituztenak dira. Lagundutako baja hartzen dutenek, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 55 eguneko soldata jasoko dute eta horrez gain, beste 12.000 euro ere bai.