Antsolokuetan uholderik ez gertatzeko soluzio bat eskatu du Etxalarko alkateak

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 13a, 12:53

Presatik goiti dragatzeko eskaera egin du Udalak 2009an ere

“Euria egiten duen aldiro, Antsolokuetan bizi diren lagunak ezin dira errekara begira egon”. Horrela hasten da Patxiku Irisarri alkateak, Etxalarko herriarentzat soluzio bat eskatuz egin duen idatzia. Orain dela bi urte, 2007ko maiatzean, uholde izugarria izan zen Etxalarren. Alkateak aipatu duenez, “esperientziak gauza franko erakutsi zigun eta 2008an erreka dragatzeko eskaera egin zuen Etxalarko Udalak, Antsolokuetako presatik hasi eta 300 metro goiti joan arte”.

Ur Zerbitzuak ukatu

Eskaera hau, Ingurugiro Departamentuko Uraren Zerbitzutik ukatu zuten. Ukazio honen arrazoia “Antsolokuetako presatik goiti dauden grabak gutti direla eta ezin dela justifikatu eremu hori dragatzean sortzen den afekzio anbientalengatik” izan zen. Aldi berean, Ingurugiro Departamentua, izokientzako eskala bat egiten ari zen Antsolokuetako presan. Patxiku Irisarri alkatearen ustez, “momentu ezin hobea zen erreka dragatzeko, ikusirik erreka nola zegoen. Ikusten da Udala eta Departamenduaren eskaerak ez direla berdin neurtzen, izan ere momento horretan ezin zen ukatu gure eskaera. Eskala egiterako orduan argi zegoen afekzioak izanen zirela eta momento ezin hobea zen dragatze lanak egiteko”

2009an ere eskaria

2009. urtean dagoeneko eskaera bera sartu du Etxalarko Udalak eta eskaera hau kontutan izanen dutela espero dute. Eskaera zuzenki Antsolokuetako auzotik egiten da, “hor bizi diren auzotarrak eta beraien ondasunen hobe beharrez”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun