Aranoko Heineken lantegiko langileek enpresarekin lortutako aurreakordioa ontzat hartu dute

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 10a, 15:16

Aurrejubilazioak eta beste lantegietan bi urteren buruan lanean hastea aurrikusten da

Heineken-Arano lantegiko langile gehienek ontzat hartu zuten otsailaren 9an egindako batzarrean Langileen Batzordeak (ELAko bost ordezkari, LABeko 3 eta UGTko bat) enpresarekin lortutako aurreakordioa. Langileen %75ak onartu zuen eta laister behin betiko akordioa sinatzeko prest azaldu ziren.

82 langiletik 44k aurrejubilazioa

Gaur egun 82 langile ditu Aranoko lantegiak, horietatik 68 langile finkoak dira, 12 langile finko etendunak eta 2 ebentualak. Arano lantegia itxiko dela gauza jakina da eta poliki-poliki martxotik aurrera hasiko omen dira produkzioa jeisten. Onartutako akordioaren arabera, 44 langilek aurrejubilazioa hartuko dute; 12 langile enpresako beste lantegietara joango dira eta beste batzuk lagundutako bajak hartuko dituzte eta banaketa enpresetan lanean hasteko aukera izanen dute.

Sindikatuen balorazio ona

ELA sindikatutik ongi baloratu dute planaren edukia, “nahiz eta enpresa itxitzea inoiz ez den berri ona”. Sindikatu honen ustez, “langileek eta sindikatuek egindako presioari esker lortu da akordioa, Nafarroako Gobernuaren jarrera erabat pasiboa izan baita”. Aurrejubilazioa hartzeko aukera izanen dute 2009, 2010 eta 2011 urteetan 50 urte betetzen duten langileek. Lagundutako baja hartzen dutenek, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 55 eguneko soldata jasoko dute eta horretaz gain, 12.000 euroko diru-kopurua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun