Dena prest otsailaren 14ko inauteri egunerako

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 3a

Zomorroetan ateratzeko otsailaren 12a baino lehen eman behar da izena

Badatoz, badatoz... korneten orroak! Badatoz trikitixa eta panderoaren laguntzaz galtzetako eta zapeletako koskabiloen soinuak! Badatoz etxez etxeko ohiko bisitak eta jendearen algarak! Etorriko da, beti bezala, etxean duen soinekorik politena jantzita norbait. Besteren bat, zaku zahar bat burutik behera sartu eta begiak besterik bistan ez dituela! Astoaren gainean, agian, andaluziarren bat Rociorako bidean galduta, edo akerra ondoan duen arabiarren bat beharbada?
Gehienak, dantzarien ohiko jantziz, dotore azalduko dira goizean, alkandora zuriaren bizkarreko aldean koloree­tako zintak zintzilik dituztela. Beste asko, berriz, alkandora loredun bizia jantziko dute. Zinta zuri gorri eta berdeak galtzetan itsatsitako morletatik zintzilik eta txintxarriak edo koxkabiluak zomorroak non dabiltzan salatuz!
Arratsaldeko Zahagi Dantzak pertsonaiak ez dute goizekoen antzik izango! Bi pertsonaia xelebre hauek herriko zoko guztietan gordez ibiliko dira. Zahagi Dantzaren doinura atera egin beharko dute, ordea, zomorroen dantzaren erdian ahal bezala dantzatuz! Dantza eta algararik ez da faltako hilaren 14an. Presta­tu jualiak, kornetak, koxkabi­luak, koloreetako zintak, morlak eta zapelak! Zomo­rroak presta daitezela, badatoz eta inauteriak! Zomorroetan atera nahi duenak izena eman dezake Kontzejun hilaren 12ra arte.

Otsailak 14

- Goizean Kontzejun elkartu eta baserrietan itzulia, Izer eta Alabier trikitilarie­kin.
- Eguerdian San Roke elkartean bazkaria.
- Arratsaldean Zahagi Dantza.
- Gauean, herri afaria, San Roke elkartean.
- Afalondoren, Imuntzo eta Belokiren eskutik dantzaldia.

Zomorroetan ateratzeko otsailaren 12a baino lehen eman behar da izena

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun