Zizurko txapelketan aurrera egin dute Aurrerako pilotari gehienek

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 28a, 13:44

Nafarroako Kirol Jolasetako hainbat partida ere jokatu zituzten

Asteburu honetan Zizurko txapelketan parte hartu zuten Leitzako Aurrerako pilota eskolako pilotari gehienek koxka bat aurrera egin dute. Honela, alebin mailan, Aurrerako Lezeak 18 eta 0 irabazi zion Larretxeari; infantil mailan, Aurrerako Olanok 16 eta 12 irabazi zion Lizarragari; kadete mailan, Xabi Jaunarenak 18 eta 4 irabazi zion Lopez-I eta Julen Arozenak ere emaitza berbera errepikatu zuen, 18 eta 4 irabazi baitzion Oroz-i. Ander Igartuak, aldiz, 8 eta 18 galdu zuen Unanuarekin.

Euskal Herriko ligako paleta goma partida bertan behera

Euskal Herriko ligan, nesken paleta goma txapelketako partida jokatzekoa zuten Amazabalen Iera Agirrek eta Saioa Aristorenak, Hernaniko bikotearen kontra, baina partidua atzeratu egin behar izan zuten, eguraldi kaxkarra medio.

Nafarroako Kirol Jolasetan hainbat partida Amazabalen

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean ere hainbat partida jokatu zituzten Aurrerako pilotariek. Ostiral arratsaldean, lehen mailako kadetetan, Aurrerako Ander Igartuak eta Xabi Jaunarenak 22 eta 16 irabazi zioten San Francisco Javierreko bikoteari. Larunbat goizean ere zenbait partida jokatu ziren Amazabalen. Hirugarren mailako benjaminetan, Jon Sukuntzak eta Beñat Billabonak 18 eta 12 irabazi zioten Paz Zigandako bikoteari. Bigarren mailako benjaminetan, Ander Alduntzin eta Joseba Eskuderok 18 eta 3 irabazi zioten Mendillorriko bikoteari eta Beñat Altzelai eta Joanes Illarregik 18 eta 8 Esteribarko bikoteari. Hirugarren mailako alebinetan, David Muenalak eta Josu Sukuntzak 18 eta 7 irabazi zioten Ardoiko bikoteari. Bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Aimar Gil eta Mikel Erasok 11 eta 18 galdu zuten Esteribarko bikotearekin eta lehen mailako alebinetan, emaitza berberarekin, 11 eta 18 galdu zuten Huarteko bikotearekin. Bigarren mailako infantiletan, azkenik, Josu Zabaletak eta Lenitz Galartzak 18 eta 15 irabazi zioten Aralar Mendiko bikoteari.

Etxetik kanpo ere

Baina Leitzatik kanpo ere, jokatu dute asteburu honetan Aurrerako pilotariek. Iruñean, lehen mailako infantiletan, Mikel Sagastibeltzak eta Ander Gartziarenak 10 eta 18 galdu zuten Oberenako bikotearen kontra; Atarrabian, hirugarren mailako kadetetan, Xabi Erasok eta Mikel Ontsalok 22 eta 8 irabazi zioten Beti Onak taldeko bikoteari. Olaztin, bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Markel Barriolak eta Xabier Zubiriak 18 eta 15 irabazi zioten Sutegiko bikoteari eta lehen mailako infantiletan, Oier Igartuak eta Ibai Gilek 18 eta 0 irabazi zioten Sutegiko bikoteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun