Beste hainbeste sektoreri bezala, pinuaren salmentari ere ikaragarri eragin omen dio krisiak. Pinuak sortzen dituenez herriko diru-sarrera haundienak, aurtengo udal aurrekontuak aipatutako egoerak erabat baldintzatu omen ditu.
1.210.880 euroko gastuak eta diru-sarrerak aurreikusi ditu Udalak 2009rako, iaz baino ia 200.000 euro gutxiago. Inbertsioak murriztera jo du Herriko Etxeak kontuak koadratzeko.
Diru-sarrerei buruz, esan, menditik 400.000 euro jasotzea espero dela krisiak krisi; Nafarroako Hazienda Publikotik 168.000; eta herriko zerga eta tasetatik 150.000 euro, besteak beste. Gastu orokorra, hainbat inbertsio eta langileen soldatak dira bestalde, diru-partida haundienak gastuei dagokienean.
Aipagarria zalantzarik gabe, urtea bukatu aurretik onartu direla, inoiz ez bezala, aurrekontuak, abenduaren 30ean egin baitzen plenoa. Bi udal taldeen baiezkoa jaso zuten gainera.
144.000 euro Madrildik
Krisi ekonomikoari aurre egin eta enplegua sustatzeko 8.000 milioi euro iragarri ditu Zapateroren Gobernuak udalerrietan, eta dirutza horretatik 144.000 euro gure herriak jasoko ditu. Aurtengo urtearen barrenean burutu behar dira obrak eta Udalak erabaki du zertan erabiliko duen laguntza hori: Olaberritik Maleneko zubia bitarteko bidea pasealeku bihurtuko da laster. Ederki aski hormigoitua eta argiztatua gainera.
Dantzarientzako dirulaguntza
Umore Ona Dantza Taldeari 1.100 euroko dirulaguntza eman berri dio Udalak. Iaz egindako hainbat ekitalditan (Lantzeko inauteriak irudikatzea, Amabirjinetako emanaldia…) eta jantzi berrien erosketetan taldeak gastatu duenaren erdia da Herriko Etxetik jaso duena.