Herriko txikienek 2009rako etxeko lanak egin zituzten urtea amaitu aurretik

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Olentzero bizkarrean, baserritik baserrira ibili zen herritar kuadrilla. TTIPI TTAPA

Ohi bezala, San Martinak antolatzeko erabiliko da Eguberrietan bildutako dirua

Gabonak atzean utzi eta inauteriak atean ditugu berehala! Hala ere, inauteriak bezain gertu ditugu oraindik Gabonak. Herrian ospatzen diren jai askok badute euren artean lotura, eta Olentzero eguneko etxez etxeko kantu saioa, Urtezahar Eguneko festatxoa eta San Martinak lotu nahiko genituzke honekin.

Abenduaren 24an, belarrez betetako Olentzero bizkarrean hartu eta herriko gazte eta haurrak, zenbait guraso ere tartean zirela, baserriz baserri ibili ziren goizetik eguerdira bitartean. Jendeak besoak zabalik hartzen ditu kantari txikiak eta poltsa eta saskitxoak diruz eta jakiz bete-beterik ekartzen dituzte bueltaren bukaeran. Ez da alferrik izaten herriko txikienen nekea, izan ere, poltsa horretatik ordaintzen dira urte amaierako San Martin eguneko ekitaldiak (pailazoak, ipuin kontalaria, bertsolariak eta talo eta gaztaina jate herrikoiak...), eta horregatik, esker ona erakusteko, Kontzeju tabernak ere txokolatada bikaina antolatu zuen Urtezahar Egunean, arratsalde-iluntze aldera. Herriko haurrak eta hauen gurasoak urteari elkarrekin adio esateko bildu ziren, nahiz eta gauerdia baino ordu batzuk lehenagotik izan. Baita giro ederrean bildu ere, dena noski, gazte eta haur hauen lanari eta herriko borondatedun jendeari esker. Eskerrik asko hemendik denei!

Beraz, aranoarrak pozik egon daitezke, aurten ere, San Martin jaia ospatzeko aurretik lan egin baitute herriko guraso, gazte eta txikienek! Urteari begira jarrita, ez dira asko herrian izaten ditugun ospakizunak. Halere, ospatzen ditugun gutxi eta on horiek denon artean antolatu eta gozatzea, ez al da ederra?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun