Elgoibarko txapelketako finala jokatuko dute Aurrerako Jaunarena eta Zabaletak ostiral gauean

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 16a, 13:21

Leitzako pilotariek beste hainbeste hitzordu izanen dituzte asteburuan

Leitzako Aurrerako Jaunarena eta Zabaletak, Elgoibarko pilota txapelketako promesak mailako finala jokatuko dute ostiralean, urtarrilaren 16an, 22:00etatik aurrera. Gorka eta Merino izanen dituzte arerio final handian. Emakumezkoen paleta fomako Euskal Herriko ligan ere partida izanen dute ostiral arratseko 20:00etan Gasteizko Abetxuko auzoan Aurrerako Iera Agirrek eta Saioa Aristorenak, Adurzako bikotearen kontra.

Zizurko txapelketan goiztiar

Zizurko lau terdiko txapelketan goiz mugitu beharko dute asteburu honetan leitzarrek. Alebin mailan, larunbat goizeko 8:45ean jokatuko du partida Ander Eskuderok eta ordu berean, baina igandean, infantil mailako partida jokatuko du Mikel Sagastibeltza Lasartek.

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean ere zenbait partida jokatuko dituzte asteburu honetan Aurrerako pilotariek. Horietako bi etxean, Amazabal pilotalekuan jokatuko dituzte leitzarrek, larunbat goizeko 10:00etan hasita. Bigarren mailako infantiletan Iñigo Mitxaus eta Iñaki Saralegik eta lehen mailako kadetetan Xabier Apezetxeak eta Mikel Hernandorenak Lizarrako San Migueleko bikoteak izanen dituzte aurrez aurre. Etxetik kanpo, larunbat goizean hainbat partida izanen dituzte Aurrerako pilotariek. Burlatan, hirugarren mailako benjaminetan Jon Sukuntza eta Beñat Billabonak eta bigarren mailako alebinetan Aimar Gil eta Mikel Erasok Zugarraldeko bikoteen kontra jokatu beharko dute. Donezteben, bigarren mailako benjaminetan ariko dira Aurrerako Beñat Altzelai eta Joanes Illarregi eta Ander Alduntzin eta Joseba Eskudero Errekako bikoteen kontra. Atarrabian, azkenik, hirugarren mailako alebinetan, David Muenala eta Josu Sukuntza, Paz Zigandako bikotearen kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun