Gutxiagotasun konplexuak

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Gu gazte ginelarik, gure inguruan, musikari dagokionez, rockak arrakasta gehien lortzen zuen arren, mundu mailan izugarrizko arrakastak lortu zituen gazte beltx bat zebilen, Michael Jackson, pop musikaren erregea. Guri onartzea kostako bazitzaigun ere, bere kanta, bideo eta niretzako, batez ere dantzak oso onak zirela esan beharra dago.
Arrakasta, dirutza, mundu mailako ospea irabazteko abildadea izan zuen arren, askorentzat garrantzitsuagoak diren gauzak galdu zituen, handinahikerietan itsututa edo izateaz lotsa behin eta berriz erakutsi zuen, maitatu behar zuen jende askoren estimua galduz. Batzu-batzuk pozik esaten zuten, beltzak ere ez dute izan nahi beltz.
Estrabagantzia horietaz asko hitz egin zen bere garaian: horrelako ospea eta diruak edozein gizajo jainkotu egiten dutela; a ze itsuskeria beltzentzat, ze pentsatuko dute? Baina horrek zein engainatu nahi du? Denok ikusi dugu-eta mutikotan surmotz beltx-beltxa dantzan. Horrelakoak entzuten ziren.
Behin eta berriz alderaketak gorrotagarriak direla entzuten dugun arren, denok egiten ditugu. Zergatiak bilatzeko garaian, antzekotasunak izan ditzaketen gaiak elkarren ondoan jarri eta bestelako ikuspegietatik begiratzeari bere onurak ere aitortu behar zaizkio.
Gatozen gurera. Garai beretsuan Euskal Herrian arrakasta eta ospe handia lortzen ari ziren euskal kirolarietako batzuk (kirolean abildade handia onartu behar zaie), beraien semeek ez zutela euskara ulertu eta hitz eginen erabaki zuten, beraien herrietako baita familietako jendeen esanetako asko ere ez zituztela ulertuko, euskal kantak, bertsoak, liburuak, egunkariak, esaerak, euskarazko telebista eta irratietako esanak ez zituztela ulertuko. Handinahikerietan itsututa edo, euskaraz esandakoak eta idatzitakoak ez zaizkiela axola erakutsi ziguten, ez gaituztela aintzat hartzen, maitatu behar zituzten jende askoren estimua galduz. Beharbada jokaera berarengatik lagunak ere egin izan zituzten «Nafarroa, Nafarroa da», akaso pozez eta parrez, euskaldunak ere ez dute izan nahi euskaldun esaten dutenetakoak, baina jakitearen ukazioan oinarritutako lagunarte interesatuak zer balio du?
Beraz, konplexuek, ospea eta dirua, ignorantzia pittin batek ematen duen ausardiarekin, ingurukoak gutxiestera eta horrelako handinahikerietara eraman gaitzakete.
Egindakoa egina dago, baina prezio berean baten lekuan bi hizkuntza jakin zitzaketen gazteek aurrerantzean egoera txukun dezakete. Adibidez, ni puta falta que hace edo gracias esan beharrean, konplexurik gabe, kortesiazko eskerrik asko ala esker mila esanaz has litezke. Animo mutilak! Josefe Leitza

Josefe Leitza

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun