Aimar Olaizola,lau t’erdiko errege

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

TTIPI TTAPA

Laugarren txapela jantzi du goizuetarrak

«Aimar, Irujo, Aimar, Irujo», harmailetako burrunba etengabea. Baina txapel bat zegoen eta hori «Euskal Herriko zeruan» omen dauden «bi izarretako» batentzat: Aimarrentzat. Izan ere, hala zioen lau t’erdiko finalean harmailetan zegoen pankarta batek: «Euskal Herriko zeruan bi izar: Goizueta eta Aimar».

Lau t’erdiko errege dela erakutsi du berriz ere Aimar Olaizola Goizuetako semeak. Abenduaren 8an jokatu zuen lau t’erdiko finala Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Irujoren kontra eta sobera arriskatu gabe jantzi zuen txapela, lau t’erdiko bere laugarrena. Dagoeneko Julian Retegiren marka berdindu du.
Irujok egindako hutsen ondorioz, hasieratik gailendu zen Olaizola II.a, 5-0eko aldearekin hasi zen. Ia partida guztian aurretik joan zen eta partidak okerrera egin zuen azken txanpan. Irujok ez zuen asmatu, eta Olaizola 22ra hurbilduz joan zen, Irujoren oinak bilatu zituen piloteoan, eta honek hutsak eginez erantzun zion. Aipatu, susto ttiki bat ere izan zuela goizuetarrak, ezker eskuko hatza hautsi baitzuen. Baina horrek ez zion garaipenerako grinik kendu. Azkenean 22-17 txapela Goizuetara.

Lau t’erdikoan parte hartzeko zalantzan egon zen Olaizola, eta handik hilabete eta erdira jantzi du txapela.
Partida bukatuta gustura ageri zen, eta txapela gurasoei, Oitzeko amonari eta Goizuetako Mireni eskaini zien.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun