Lantegia itxi eta 69 langile kalean geldituko direla iragarri du Heineken enpresak

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Lehen 20 urteetan enpresak ez zuen herriko zergarik ordaindu, hala adostu zutelako Udalak eta lantegiak. TTIPI TTAPA

Herritarren artean kezka eta haserrea eragin ditu enpresaren erabakiak

Heineken enpresak Aranoko lantegia itxiko duela iragarri du eta hala balitz, kalean geldituko dira 69 langileak. Aranoko garagardo lantegiaren ekoizpena bideragarria ez delako hartu du erabakia zuzendaritzak eta hala jakinarazi zien langileei azaroaren 21ean. Iñigo Larrea alkateak ttipi-ttapari adierazi dionez, «kolpe handia» izan da herriarentzat, «ez zuen inork pentsatzen halakorik». Are gutxiago, duela gutxi obra handiak egin zituztelako Aranoko lantegian, eta Nafarroako Gobernuak Kalitatearen Q ziurtagiria ere eman ziolako. Aipatu, 2003az geroztik, administrazioak emandako 418.000 euro jaso dituela Aranoko Heineken lantegiak.

69 langile horien artean zortzi aranoarrak dira. Gainerako gehienak Gipuzkoa aldekoak dira. Aranoarren kasuan, batez ere, 40 urtetik goitikoak dira.

Itxiera dela-eta, zuzendaritzak neurri hauek proposatu dizkie langileei: 52 urtetik goitikoek aurre-erretiroa hartzea –langileen hirutik bat talde honetan sartu daitezke—; beste lantegietara joatea –Madril, Sevilla, Jaen edo Valentziara–, kontratua etetea edota bajak eta trukean pizgarriak ematea. Dena den, oraindik erabaki gabe dago, eta Larrearen hitzetan, guztia «airean» dago. «Itxi arren, zuzendaritza ahal duena egiten saiatuko da, eta horretarako langileekin hitz eginen dutela esan didate. Baliteke akordio pertsonalak ere egitea». Sindikatuek eta zuzendaritzak egindako bileretako batean, azken horren asmoa «gizarte plan» bat egitea dela aipatu zuten.

26 urte herrian

Lantegia 1982an zabaldu zuten Aranon, eta handik urtebetera hasi zen lanean. Juan eta Teodoro Kutz izan ziren, ordura arte Donostiako Antiguo auzoan zegoen lantegia itxi eta Aranokoa ireki zutenak, El Leon zerbeza komertzializatzeko asmoz. Handik lau urtetara, Cruzpamporen esku gelditu zen lantegia eta gero Heinekenen eskuetan. Geroztik, talde horren barne, Heineken, Cruz Campo, Amstel eta Legado de Yuste bezalako markekin egin dute lan.

Herriko aurrekontuan arrastoa

Lantegiaren itxierak Udalaren aurrekontuan eragin «kozkorra»izanen duela aurreratu digu alkateak eta horrek jendearen artean haserrea sortu du. Izan ere, hasierako 20 urteak Udalari inongo zergarik ordaindu gabe pasatu zituen enpresak, herritarrak lantegian hartzeko akordioa sinatua zuelako Udalarekin. Baina azken 6 urteotan, urtean 36.000-40.000 euro artean jaso ditu herriak eta «Arano bezalako herri batentzat hori asko da».
Oraindik produzitzen jarraitzen du enpresak eta urtea bukatu arte horrela segituko dutela uste du Larreak. «Ez dute datarik zehaztu, baina esan dutenaren arabera, hurrengo urteko lehen hilabeteetan itxiko dute lantegia».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun