Herriaren omenaldia jasoko du Aimar Olaizolak Urtezahar egunean

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 16a, 12:48

70 lagun eta senitartekorekin ospatu zuen Aimarrek Irujoren kontrako garaipen haundia. Argazkian zapeldunarekin daude horietako batzuk. TTIPI TTAPA

20:30ean jarri dute hitzordua plazan

2002an eta 2005ean bezalaxe, abenduaren 31 aukeratu dute herrian Aimar Olaizolari ongi merezitako omenalditxoa eskaintzeko. Udalak hartu du bere gain antolakuntzaren ardura, baina lerro hauek idazterakoan xehetasunak lotu gabe zeuzkaten Herriko Etxean. Dena den, datu garrantzitsuenak aurreratu ditzakegu: eguna, abenduak 31; lekua, plaza; ordua, 20:30.

Goian aipatu bezala, 2005ean ere Urtezahar Egunean omendu zuten Aimar. Umore Ona Elkarteak antolatu zuen orduan aurreko hainbat hilabetetan lortutako garaipen haundiak arrazoitzat hartuz. Orain ere horixe hartu du Udalak kontuan omenalditxoa eratzerakoan. Kontuan izan behar da, buruz burukoa, bikotekakoa eta hil honen 8an eskuratutako lau t’erdiko zapelak irabazi dituela Aimarrek data hartaz geroztik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun