Mingain urdinaren gaitza medio, iaz Nafarroako Gobernuak paratutako mugak gaindituta, Goizuetan inoiz baino indartsuago heldu da larunbat honetako, hilak 29, Feria berreskuratuaren bostgarren edizioa.
Gorotz zabaltze erakustaldia
Aurten ez da aziendak kaleratzeko debekurik izanen eta plazaren itxura aberasteko balioko du zalantzarik gabe Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek. Dena den, azienden presentziari garrantzirik kendu gabe, goiz osorako antolatuko diren hainbat kontuk diztira emanen diote egunari, Barrenetxeko belarsoko gorotz zabaltze erakustaldiak edo Unai, Haritz eta Josebaren arteko aizkora desafioak, esate baterako.
Bazkaria eta bazkalondokoak
Ehunka lagun bilduko dituen bazkariak eta ilunabarreko eta arratseko parrandak borobilduko dute goizuetar askorentzat urte guziko haundiena den egun hau.