Urtero egiten den Nafarroako Mendialdeko abesbatzen topaketak Leitzan du hitzordua aurten, eta larunbatean, azaroak 29, izanen da. Aurtengo edizioa antolatzearen ardura Leitzari egokitu zaio, urtetik urtera topaketa honen tokia aldatuz joaten delako eta aldi honetan Asketak egin behar izan du. Guztira zortzi abesbatzek hartuko dute parte: Doneztebeko Mendi Abesbatzak Bortzirietako Giltzarri Abesbatzak, Lizarrako Ereintza Abesbatzak, Allegiko Camino de Santiago Abesbatzak,Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak, Etxarri Aranazko Abesbatzak eta Jeiki eta Asketa Abesbatzek. 19:30ean hasiko da saioa San Migel parrokian eta ondotik, elkarrekin afalduko dute.
Asketaren azken emanaldia
Larunbateko topaketa berria alaia bada ere, azpian bertze berri goibelagoa dauka, bere azkeneko saioa eskainiko du Leitzako Asketa abesbatzak. Izan ere, jende eta batez ere mutil eskasia dela-eta, ibilbidea bukatzea erabaki du Leitzako abesbatzak. Horri buruzko xehetasun Asketako zuzendari Ainara Rodak eskaini dizkigu: “18 lagun baino ez gara eta hori jende gutxi da abesbatza baterako. Gainera 18 horietan mutil gutxi daude eta daudenak turnoka ari dira lanean eta ezin dira entsegu guztietara etorri. Askotan hitz egin dugu honi buruz eta azkenean bukatzea erabaki dugu. Nafarroako Mendialdeko Abesbatzen Topaketa antolatzeko konpromisoa hartua genuen, baina larunbateko topaketaren ondoren, segitzea ezinezkoa denez, hor bukatuko da Asketaren ibilbidea”.