Mingain urdinaren gaitza medio, iaz Gobernuak paratutako mugak gaindituta, inoiz baino indartsuago heldu dela dirudi larunbat honetako, hilak 29, Feria berreskuratuaren bostgarren edizioa. Plazaren itxura aberasteko balioko du zalantzarik gabe Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek. Dena den, azienden presentziari garrantzirik kendu gabe, goiz osorako antolatuko diren hainbat kontuk diztira emanen diote egunari, Barrenitxeko belarsoko gorotz zabaltze erakustaldiak edo Unai, Haritz eta Josebaren arteko aizkora desafioak, esate baterako. Ehunka lagun bilduko dituen bazkariak eta ilunabarreko eta arratseko parrandak borobilduko dute herritar askorentzat urte guziko haundiena den egun hau.