Duela hiru urte hasi ziren, azaroaren 11ko bueltan, eta Olentzeroarekin eskean bildutako dirua erabiliz, herritarrei eskerrak emateko festa hau ospatzen! Aurtengoa bi egunetan igaro da: Ostiralean, hilak 7, zikiro jatea antolatu zen Kontzeju tabernan eta 40 bat lagun gerturatu ziren afaltzera. Larunbatean, berriz, Kontukantoi ipuin kontalarien ipuinak entzunez goxatu ziren herriko txikienak San Roke Elkartean eta ondotik, herriko Xabier Legarreta bertsolariak eta Hernaniko Bertso Eskolako Unai Agirre, Aritz Zerain eta Aitor Mendiluzek bertso-trama musikatua eskaini zuten udaletxeko ganbaran.
Bertsolarientzat prestatutako gaiak musikatuak eman zituen Eñaut Agirrek Aitor Atxegaren gitarraren laguntzaz eta entzuleak erabat sartuta egon ziren bertsolariek moldatutako istorioan. Jaiarekin bukatzeko, nahiko talo, hirugihar, txistor, gazta, txokolate eta gaztaina jateko aukera izan zen, Garikoitz eta Ixiarren trikitixa eta panderoaren giroan.
Jada urteroko ohitura bihurtzen ari den festa honek berezitasun bat izan du aurten. Izan ere, Aranoko I. argazki lehiaketa antolatu du festen batzordeak eta, San Martinetan erakusketan jarritako argazkiak ikusgai daude oraindik Kontzejun.
Argazki lehiaketa
‘Arano’ gai hartuta antolatu da argazki lehiaketa eta izan duen harrerarekin oso pozik geratu dira antolatzaileak. Herritar askok hartu du parte eta argazki zaharrak, berriak, paisaiak, etxeak, jendea, aziendak, bestelako animaliak... denetarik agertu da. Aukeratutako argazkiekin datorren urterako egutegi bat egingo da, etxe guztietara herriko argazkiak irits daitezen. Ea hurrengo urteetan ere bide berari jarraitzen diogun!
Argazkiak aukeratzean, ez dira pertsona beraren bi aukeratu.