• Nafarroako Mendialdeko Abesbatzen Topaketa Leitzan eginen da aurten, larunbatean, azaroak 29, San Migel parrokian. Zortzi abesbatza elkartuko dira.
• Aurtengo jaialdia antolatzeaz Asketa abesbatza arduratu da eta topaketaren xehetasun gehiago eman dizkigu Asketako zuzendaria den Ainhoa Rodak.
• Urtebete darama Rodak zuzendari lanetan, eta balorazio bat eskatuta, berri tristea eman digu: larunbatekoa izanen da Asketaren azken kontzertua. Desagertu eginen da.
Iazko urrian hasi zinen zuzendari lanetan. Nolako balantzea egiten duzu?
Ona ez. 18 lagun baino ez gara eta hori jende gutxi da abesbatza baterako. Gainera 18 horietan mutil gutxi daude eta daudenak turnoka ari dira lanean eta ezin dira entsegu guztietara etorri. Askotan hitz egin dugu honi buruz eta azkenean bukatzea erabaki dugu. Nafarroako Mendialdeko Abesbatzen Topaketa antolatzeko konpromisoa hartua genuen, baina larunbateko topaketaren ondoren, segitzea ezinezkoa denez, hor bukatuko da Asketaren ibilbidea.
Mutil falta da arazoa, beraz,...
Duela hilabete batzuk mutilak hartu nahian kanpaina egin genuen, baina alferrik. Koro mistoa gara, eta sei soprano, zazpi kontralto, tenore bat eta baxu bat izateak ez du zentzurik. Oso gaizki konpentsatua dago. Emakumezkoena bakarrik izanen litzatekeen korua sortzeko proposamena ere aztertu genuen, baina bozketa bidez ezezkoa atera zen. Dauden neskek jarraitzekotan mutilekin jarraitu nahi dute. Pena da abesbatza desagertzea, asko txikitatik koru horretan egon baikara, baina zaila da.
Leitzan bertze abesbatza bat dago, Jeiki. Planteatu duzue elkartzea?
Ez dugu hitz egin honi buruz baina ikusiko da. Beste abesbatza mota bat da Jeiki. Egia da gero eta gazte gehiago ari dela sartzen baina gehienak helduak dira. Errepertorioa ere bestelakoa da eta seriotasun haundiagoa dute. Agian Asketa desagertzean Jeikirekin abestera animatuko da baten bat.
Nolako errepertorioa duzue Asketan?
Betidanik euskal folklorearekin aritu gara. Mezan parte hartzeko badugu sakroen errepertorio txiki bat ere, baina gainontzekoa, %90a, euskal folklorea.
Musika edo doinu aldetik zein ezaugarri ditu Asketak?
Gurea beti izan da abesbatza gaztea eta gazteak izanda ahotsak argiak izan dira. Hori izan da gure ezaugarria. 20-28 urteen artekoak dira gehientsuenak.
Nolakoa izanen da larunbateko abesbatzen topaketa?
Zortzi abesbatza elkartuko gara eta bakoitzak bi abesti kantatuko ditu. Horrez gain, Leitzakoak izaki, Jeiki eta Asketak elkarrekin beste bat abestuko dugu. Bukaeran, abesbatza guztiak elkarrekin bi obra kantatuko ditugu. Ordu eta erdiko saioa izanen da gutxi gorabehera eta ondotik afaria eginen dugu eskolako jantokian. Guk Balaio kantu brasildarra aukeratu dugu, eta Jeikirekin Erribera abestuko dugu.
Zerbait gehituko zenuke?
Topaketari buruz, esan, afiziorik ez dutenentzat edo halako emanaldi batean inoiz egon ez den batentzat, aukera ona dela, estilo desberdinetako abestiak entzuteko modua izanen baitu. Alde horretatik, leitzar guztiak eta kanpokoak gonbidatuak daude. Bestalde, Asketa desagertzera doanez, herritarrei eta urte guzti hauetan lagundu diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Pena haundiz uzten dugu, eta agian ez da betirako izanen, baina oraingoz atea itxi beharra dago, ezinezkoa delako.