Leitzako Aurrerako pilotariek hainbat partida jokatu zituzten joan den aste hondarrean

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 19a, 14:22

Nafarroako Kirol Jolasetan ez ezik Lizarrako lau terdikoan aritu ziren

Leitzako Aurrerako pilotariek Nafarroako Kirol Jolasetako partidak jokatu zituzten joan den aste hondarrean. Larunbat goizean Amazabalen jokatutako partidetan, bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Aimar Gil eta Mikel Erasok 7 eta 18 galdu zuten Oberenako bikotearekin. Bigarren mailako infantiletan, aldiz, 18 eta 6 irabazi zioten Aurrerako Ander Gartziarenak eta Markel Barriolak Beti Onak taldeko bikoteari eta beste horrenbeste egin zuten Iñigo Mitxaus eta Ibai Barberenak Mendillorriko bikotearekin. Hirugarren mailako kadetetan, Aurrerako Onsalok eta Erasok 11 eta 22 galdu zuten Zugarraldeko bikotearekin.

Etxetik kanpo

Etxetik kanpo ere jokatu zuten Leitzako pilotariek. Uharte-Arakilen, bigarren mailako infantiletan, Xabier Zubiriak eta Lenitz Galartzak 18 eta 9 irabazi zioten Aralarmendiko bikoteari. Lizarran, bigarren mailako infantiletan, Oier Igartuak eta Iñaki Saralegik 18 eta 13 irabazi zioten San Migueleko bikoteari. Burlatan, lehen mailako kadetetan, Aurrerako Igartuak eta Hernandorenak 3 eta 22 galdu zuten Zugarraldeko Arrizabalaga eta Azkonarekin. Lehen mailako benjaminetan jokatutako bi partidetan gazitik eta gozotik edan zuten Aurrerakoek Zugarraldekoen kontrako partidetan. Ander Alduntzinek eta Beñat Altzelaik 18 eta 4 irabazi zuten eta Joseba Eskuderok eta Joanes illarregik 18 eta 8 galdu. Iruñan, lehen mailako infantiletan, Aurrerako Mikel Sagastibeltza Lasartek eta Anartz Olanok 18 eta 3 irabazi zioten Oberenako bikoteari. Lehen mailako alebinetan, Ander Eskuderok eta Jon Lezeak 7 eta 18 galdu zuten San Juango bikotearekin eta Elizondon, lehen mailako kadetetan, Aurrerako Aldaregia eta Jaunarena hutsean gelditu ziren Txarutako Apeztegia eta Arizmendiren kontrako partidan.

Lizarrako lau terdiko txapelketa

Lizarrako lau terdiko txapelketan denetariko emaitzak izan zituzten Aurrerakoek. Infantil mailan, tantu bakar batengatik, 17 eta 18 galdu zuen Aurrerako Sagastibeltza Eguesek Arbizuren kontrako partidan eta Ander Gartziarenak ere 2 eta 18 galdu zuen Dariorekin. Gainerakoek irabazi egin zuten: Sagastibeltza Lasartek 4 tantutan utzi zuen Olarra, Markel Barriolak 2an Azkona eta Oier Igartuak 5ean Murua. Kadete mailan ere, Aurrerako Hernandorenak 18 eta 14 irabazi zion Juangori.

Burlatako txapelketan azkenik, senior kategorian, Mikel Iriarte leitzarrak Maestresalasekin bikote eginez, 22 eta 8 irabazi zien Pikabe eta Errekari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun