Leitzako Eusko Alkartasunak kritika egin dio Nafarroako Gobernuari, “Amazabal institutuan ez duelako hamabost eguneko ordezkapen bat bete, behar hau aldez aurretik abisatua baldin bazegoen ere”. Lehen ere, ikastetxe honetako ordezkapenak ez dituela bete gogorarazi du Leitzako EAk eta horregatik Nafarroako Gobernuaren “aurreikuspen falta’ salatu du, baita “Hezkuntza Departamentuan sor daitezkeen arazoak moldatzerako orduan duen gogo eskas”. EAren ustez, ordezko irakaslerik ez izaterakoan, eta gehiago hamabost egunez bada, “ikasturteko programazioan atzerapen argia somatzen da eta hezkuntz sistemaren kalitatearen kontra doa. Horrek, noski, ikasleen ikaskuntzan eragina izanen du”.
Aitzakirik ez eta seriotasun gehiago
Leitzako Eusko Alkartasunak azkenik, “seriotasun gehiagoz lan egitea” eskatu dio Nafarroako Gobernuari eta berriz ere ordezkapena bete beharra suertatzen denean, “bere zorroztasun eza estaltzeko aitzakiak jartzeari utz dezaiola”.
Torraspapel lantegiaren egoera
Beste aldetik, Nafarroa Baiko parlamentaria eta EAko Leitzako zinegotzia den Aitor Etxarrik Torraspapel taldeak Leitzan duen lantegiari buruzko galdera luzatu dio Nafarroako Gobernuari. Hain zuzen, talde honek Zornotzan eta Algecirasen dituen lantegiak itxiko dituela eta Gironako Sarriá de Ter herrian duena berregituratuko duela iragarri zuen azaroaren 5ean. Neurri hauek 400 langileri eraginen diote. Enpresako iturrien arabera, erabaki hauek ez dute oraingoz eraginik izanen Leitzako lantegian, baina halere, ahalik eta informazio gehien bildu nahi du Aitor Etxarrik. Horregatik, etorkizunean Leitzako lantegian eragina izan dezakeen Torraspapel lantegiaren egoerari buruzko interesa agertu duen galdetu dio Nafarroako Gobernuari, baita enpresaren zuzendaritzarekin bileraren bat izan duen Leitzako lantegiari buruz enpresak ematen dituen bermeen berri jakiteko.