Lanean jarraitzen dute Aurrerako pilotariek

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 11a, 14:53
TTIPI TTAPA

Txapelketa batzuk bukatu orduko besteetan izena eman, eta lanean jarraitzen dute Aurrera Pilota Eskolako kirolariek. Txapelketa horietatik garaipenak ekarri dituzte, hala nola, urrian lortutako Gartzarongo txapela; beste batzuetan, berriz, azpitxapeldun gelditu izan dira, eta finalaren atarian gelditu beste alditan. Orain momentuan, txapelketa hauetan ari dira Aurrerakoak: Nafarroako Jolasetan benjamin, alebin, infantil eta kadeteen mailan; Burlatako eta Irurtzungo txapelketetan... Horietako batean, son haundia duen Errioxako txapelketan, txapela eskuratzeko azken ahaleginean gelditu ziren Aurrerakoak. Azaroaren 1ean Logroñon jokatutako finaletan, alebinetan, Sagastibeltza Lasartek Errioxako Petite pilotaria izan zuen atzean eta 12 eta 18 galdu zuten Egiguren eta Irribarria gipuzkoarren kontra. Kadeteetan, berriz, 14 eta 22 galdu zuten Arozenak eta Gonzalezek Hernan eta Artolaren kontra. Biak ere partida onak izan ziren baina garaipenik gabe gelditu ziren. Argazkian pilotariak eta txapelketako antolatzaileak ageri dira. Tartean da Augusto Ibañez Titin III.a pilotari haundia ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun