UPN eta PPren arteko ituna hautsi eta gero hainbat izan dira UPN alderdia utzi eta Alderdi Popularrera pasatu direnak, PPk alderdia sortzeko asmoa baitu Nafarroan. UPNk Estatuko Aurrekontu Orokorretan PPrekin batera ez bozkatu izanak eragin du 17 urteko itunaren haustura. Leitzako UPNren zerrendan ere aldaketak izan dira eta oraingoz PPra igaro direnak Silvestre Zubitur zinegotzia eta UPNren herriko zerrendan laugarren aurkeztu zen Pello Urkiola dira.
«Lehengo iturrira»
Silvestrek azaroaren 2an hartu zuen erabakia UPN uzteko erabakia: «PPtik deitu zidaten berriz PPra pasatu nahi ote nuen galdetuz, eta nik baietz. Ni PPtik etorri nintzen UPNera biek bat egin zutenean, eta beraz, erabaki honekin lehengo iturrira bueltatu naiz». Hala azaldu dio zinegotziak ttipi-ttapari eta hausturaren atzean UPN dagoela iritzi dio: «beraiek jakingo dute zergatik hartu duten erabakia, baina nik nahiago nuke elkarri mokoka ibili beharrean, berriro elkartuko balira». Lerro hauek idazterakoan, Zubitur goitik etorriko den erabakiaren zain zegoen, eta bitartean zinegotzi karguarekin segituko du.