Auzo-bide, pista eta mendiko bideen erabilera arautzen duen ordenantza onartu du Udalak. Araudi horretan, landa-bideak kategoriatan banatu dira, eta hainbat debeku ere finkatu dira. Uztailaren 30eko udalbatzarrean onartu zuen ordenantza eta abuztuaren 27an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Jendeari zabalik egon ondotik, eta erreklamaziorik egon ez dela ikusita, behin betikoz onartu du orain araudia.
Kategoriatan banatuak
Bi metro zabal edo gehiago duten bideak:
- Auzo-bideak: baserri multzo bakoitzera joateko bide nagusiak: Pedroenea borda, Santurua, Txuienea, Errandoneko borda, Polaineko borda, Elberreko borda eta Txiloeneara joateko bideak.
- Abeltzaintzarako bideak: borda eta baserrietara sarbidea ematen duten pistak, auzoko bide nagusiak ez direnean: Belaku, Felipe borda eta Iruñegi baserrira eta Ahuntzenea, Eguarrea, Martiñenea eta Mañanea bordara joateko bideak.
- Mendiko bide nagusiak: garraiorako azpiegitura gehiena haietan bermatzen da. Urteagako pista eta Gorritiko bidea dira kategoria honetan daudenak.
- Bigarren mailako mendiko bideak: neurri txikiagoan erabiltzen direnak dira: Gañarbe, Merku, Ulimendi eta Larreko bordako pistak.
- Oihangintzako bideak, basotik oihangintzako produktuak ateratzeko diren bideak.
- Bidezidorrak: denbora baterako irekidurak dira, lote jakin bateko oihangintzako produktuak ateratzeko direnak.
Bi metro zabal baino gutxiagoko bideak:
Kategoria honetan, orgabide zaharrak eta bidexkak sartu dira, Goñegi-Ulimendi eta Ulimendi-Urtzurian bidexkak, adibidez.
Bestalde, debekatua egonen da pistak ez diren lurretan motorra duten ibilgailuekin ibiltzea. Udalaren baimen berezia dutenak baino ezin izanen dira ibili. Gehienez, 25 kilometro orduko abiaduran ibili ahalko da, eta araudia hautsiz gero, 150 euro arteko isunak paratuko dira.