Lehengo larunbateko Leani eta bere nesken sabel dantza erakustaldiak eta igandeko zaharren festak eta haurrentzako bideo proiekzioak hasiera distiratsua eman diote aurtengo Azaro Kulturalari. Hala ere, antolatzaileek, Kultur Taldekoek, alegia, esan digutenez, onena etortzear dago, ederra izanen baita Orioko Harribil Dantza Taldeak larunbat honetan eskainiko duena. 19:30ean goiko frontoian hasiko den emanaldi hau watt askoko soinu eta argiteriz hornitua omen dago. Horren aurretik, 17:00etan, Umore Onak antolatzen duen mus txapelketa jokatuko da elkartean, finalistentzat sari ederrekin gainera aurten ere.
Azken hilabete hauetan, herrian modan dagoen gaiari helduko zaio hilaren 22an Azaro Kulturalaren programazioan, Iñigo Txintxurreta eta Xabier Taberna herritarrak megalitismoa eta Goizuetako megalitoei buruzko hitzaldia emanen baitute Ganbaran, 19:30etik aurrera.
Bazkarirako txartelak
Hilaren azkeneko astebururako prestatutakoari buruzko informazio luze eta zabala hurrengo alean emanen dugu. Bakarrik, oroitarazi, 29ko ferian parte-hartze zuzena izan nahi duenak (salmenta edo erakusketa postuak ezarriz edo aziendak plazaratuz, esate baterako) udaletxera deitu behar duela berehala horren berri emanez. Gainera, aurten aziendak plazara ateratzeko baimena eman du Nafarroako Gobernuak. Iaz mingain urdinaren gaitzarekin debekatu zuten, baina berriz ere gisa guztietako aziendak ateratzen ahalko dira. Herri bazkarirako txartelak, berriz, dagoeneko salgai daude ohiko lekuetan, 21 eurotan.