Aurrerako pilotariek emaitza onak lortu dituzte asteburuan

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 10a, 16:38
Iera Agirre leitzarra sakean, ostiral arratseko partidan. TTIPI TTAPA

Iera Agirrek eta Saioa Aristorenak garaipena lortu zuten paleta goman

Leitzako Aurrerako pilotariek asteburu emankorra izan dute, hainbat partida jokatu eta horietako asko irabazi egin baitituzte. Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, esate baterako, neska seniorren kategoriako paleta goma txapelketan Aurrerako Iera Agirrek eta Saioa Aristorenak 30 eta 21 irabazi zieten Oberenako Etxarri eta Otegiri ostiral arratsaldean Amazabalen jokatutako partidan. Aurretik, eskuz, lehen mailako infantiletan, Aurrerako Sagastibeltza Lasartek eta Anartz Olanok 18 eta 3 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari. Lehen mailako kadetetan, aldiz, Aurrerako Aldaregiak eta Jaunarenak 16 eta 22 galdu zuten Oberenako Senosiain eta Larrayarekin.

Larunbat goizean ere Amazabalen

Larunbat goizean beste hainbat partida jokatu ziren Amazabal pilotalekuan. Lehen mailako benjaminetan, Doneztebeko Erreka eta Leitzako Aurrerako bikoteen artean jokatutako bi partidetan Errekakoak nagusitu ziren: lehenbizkoan, Lana eta Indak 18 eta 7 irabazi zieten Joseba Eskudero eta Joanes Illarregiri eta bigarrenean Maylin eta Berasategik 18 eta 13 irabazi zieten Ander Alduntzin eta Beñat Altzelairi. Lehen mailako alebinetan, Aurrerako Ander Eskuderok eta Jon Lezeak 18 eta 12 irabazi zioten Oberenako bikoteari. Bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Oier Igartuak eta ñaki Saralegik 18 eta 2 irabazi zioten Mendillorriko bikoteari eta lehen mailako kadetetan, Aurrerako Igartua eta Hernandorenak 19 eta 22 galdu zuten Irurtzungo Idoate eta Berazarekin.

Leitzarik kanpo ere

Etxetik kanpo ere zenbait partida jokatu zituzten Aurrerako pilotariek. Lizarran, hirugarren mailako kadetetan, Aurrerako Onsalok eta Erasok 22 eta 16 irabazi zioten San Migueleko bikoteari. Burlatan, bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Aimar Gil eta Mikel Erasok 10 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko bikotearekin eta bigarren mailako infantiletan ere, Ibai Barberenak et Iñigo Mitxausek ere 9 eta 18 galdu zuten Zugarraldekoekin. Uharte Arakilen, bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Ander Gartziarenak eta Markel Barriolak 18 eta 7 irabazi zioten Aralar Mendiko bikoteari.

Egia eta Burlatako txapelketak

Joan den ostegunean jokatutako Egiako txapelketako partidan, Jon Jaunarena leitzarrak eta Albisuk 22 eta 18 irabazi zieten Epelde eta Agirianori. Larunbatean jokatutako Burlatako txapelketako partidan, berriz, infantil mailan, Olano eta Jaunarena leitzarrek 18 eta 5 irabazi zieten Eskudero eta Paredes-i.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun