Aresoko industrialderako sarbidea inauguratu dute udal eta gobernu ordezkariek

Utzitako argazkiak 2008ko urriaren 27a

Nafarroako Gobernuko eta Aresoko udal ordezkariak izan ziren ostiraleko inaugurazio ekitaldian. TTIPI TTAPA

Urriaren 24an Laura Alba kontseilaria etorri zen

Joan den urriaren 24an inauguratu zuten Aresoko industrialderako sarbidea. Herriko alkate eta zinegotziez gain, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilaria den Laura Alba ere herrian izan zen. Izan ere, Sukia enpresarekin batera, hauek urbanizatu dute industrialdea. Industrialdean barna itzulia egin ondotik, hamaiketakoa egin zuten bildutako guztiek.

2002ko hitzarmena

Lan hauek, 2002an Aresoko Udalaren etga Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikabidetako departamentuak sinatutako hitzarmenaren ondorio dira. Honela, proiektuak duen 2.819.000 euroko aurrekontutik 388.715 euro jarri ditu Nafarroako Gobernuak. Aresoko udalak, proiektua idazteaz, lehiaketara ateratzeaz, kontratazioaz eta obren zuzendaritzaz arduratu da eta Herriko Etxea da azpiegitura berriaren jabea. Bere esku izanen dira, modu berean, kontserbazio eta mantenimendu lanak. Errepide berriak, A-15 autobidearen Aresoko lotura eta industrialdea lotzen ditu eta kilometro bateko luzera dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun