300.000 euroko aurrekontua duten abeltzaintzako azpiegitura lanak eginen ditu Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 27a

Hainbat aska berri paratuko dira eta bideetan ere konponketa lanak eginen dira

Abeltzaintzarako erabiltzen diren hainbat bide egoera kaskarrean daudelako eta aziendek ura edateko toki gutxi dituztelako, obra batzuk eginen ditu Udalak. 300.000 euroko aurrekontua izanen dute eta Nafarroako Gobernuaren eta Accionaren laguntza jasoko da. Ur eskasiari aurre egiteko, Urdolako iturritik ura hartuta, Urdola Txikin aska berria eginen da. Horrez gain, Mendibilen eta Urkizun ere aska berriak eraikiko dira, eta Aritzen orain dagoena berrituko da. Bestalde, hainbat bidetan ere konponketak eginen dira. Amurrixketako larrerako bidea, esaterako, moldatu eginen da, abeltzainei garraioa errazteko. Arizko larrerako bidean, bi kilometroko zatian eginen dira obrak. Astaitzaga parean, berriz, bihurgunea zabalduko da. Inguru horretan egoera kaskarrean dauden beste bide zatiak ere badira, eta horietan ere lanak eginen dira. Hala, Astibi aldean bihurgunea egokitu eta harri lubeta berrituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun