Mikel Olazabal herriko pilotari gazteak ikarragarria egin zuen urriaren 20an Tolosako Beotibar pilotalekuan, buruz buruko txapelduna den Oinatz Bengoetxearen kontra 22 eta 16 irabazi baitzuen, lau t’erdiko txapelketan. Denon harridurako emaitza izan zen, Bengoetxea baitzen faboritoa. Hala, hona hemen kontuan hartzeko esaldi bat: beti pentsatu behar da, arerioa ez dela eskumotza edo maingua, partida guztiak jokatu egin behar dira eta 22ra ailegatu.
Lerro hauek idazterakoan, urriaren 25ean egitekoa zen Kokaren kontrako partida jokatu gabea zuen Olazabalek, eta zuek irakutzerakoan beharbada emaitza jakina izanen da, baina edozein kasutan, Bengoetxearen kontrako partida izan da albistea eta horrek sona handia eman dio herriko pilotari gazteari.