Irailaz geroztik, atal berria du Umore Ona Elkarteak: areto-futboleko taldea. Gipuzkoako hirugarren mailan jokatzen du Umore Ona taldeak eta zorte gutxi xamarrez ekin dio ibilbide berri honi, kronika hau idatzi aurretik jokatutako lau partidak galdu egin baitituzte goizuetarrek. Dena den, emaitzek ez omen dute garrantzi gehiegirik gazte hauentzat. Jokatu nahi duen guztiari ireki dizkio ateak taldeak, puntan ibiltzeari uko egitea suposatu balezake ere erabaki horrek. Beste helburua larunbat arratsaldeak girotzea da, eta hori ederki lortu dute, bete egin baitira eskolako frontoiko harmailak orain arte bertan jokatutako bi partidetan.
Denboraldiari aurre egiteko beharrezkoak diren 3.000 euroek buruhauste franko sortu dizkiete Umore Onakoei. Udalaren eta Elkartearen babesaz gain, Nafarroako Kutxaren Zeuk aukeratu, zeuk erabaki programara aurkeztu dute proiektua eta baikor begiratzen diote alde horretatik etorkizunari. Enpresetan ere, Orona kasu, dirulaguntza jasotzeko gestioak egiten ari dira.
Iker Apezetxea entrenatzailea eta Mikel Etxeberria delegatuarekin batera, ondoko hauek osatzen dute Umore Ona areto-futboleko taldea: Josu Narbarte, Garikoitz Lopez, Fernando Goia, Beñat Lekuona, Alain Goizueta, Ekaitz Narbarte, Mikel Perurena, Hodei Lujanbio, Xumar Bakero, Egoitz Zubiri, Iñigo Aduriz, Pablo Miranda eta Iñaki Rodrigez.