Idoia Legarreta arkitektuak egindako aterpetxearen aurreproiektua proiektu bihurtuko da hurrengo urteko hilbeltzaren 31 baino lehen. Bere oniritzia eta 19.488 euroko dirulaguntza eman dio Nafarroako Gobernuak horretarako Udalari. Egitasmoa 24.360 euro kostako dela kontuan hartzen badugu, horren %80a da Iruñeak eman duena. Orain dela hiruzpalau hilabete burutu zuen Udalak Zubimusu eraikin ederrean eginen litzatekeen aterpetxearen aurreproiektua. Udaz geroztik, aldaba asko jo omen ditu alkateak Iruñean, eta ikusten denez, fruitua ematen ari da gestio hori. Erabat ofiziala egin bitartean, obrarako dirulaguntza ziurtatzerik ez dagoen arren, proiektua subentzionatzeak perspektiba ezin hobeak irekitzen omen dizkio Udalak estrategikotzat jotzen duen obra honi. Horixe esan omen diote behintzat argi eta garbi alkateari Gobernuko Kultura departamentutik.
Beste hainbat zerbitzuz gain, 30 lagunentzat lotarako lekua izanen luke labaderoaren gaineko bi solairuetan lehenengo mailakoa izanen litzatekeen aterpetxeak. Horretarako, 464.000 euro beharko omen dira, aipatutako aurreproiektuak dioenez.