Argazki Lehiaketa antolatu da heldu den urteko egutegia egiteko

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Kontzeju tabernan aurkeztu behar dira azaroaren 2a baino lehen

Azkeneko bi urteetan bezala, aurten ere, San Martin jaiak ospatuko dira Aranon. Azaroan zazpi ekitaldi antolatu dira.
San Martin jaien antolakuntzatik dei egin nahi zaie aranoar guztiei Aranoko I. Argazki Lehiaketan parte har dezaten. Lehiaketan parte hartzeko ez da argazkilari profesionala izan beharrik. Aski da Aranoren inguruko gustuko argazkiren bat aurkeztearekin. Berria edo zaharra izan daiteke. Aranoko paraje, azienda edo pertsonak izan daitezke argazkiaren protagonistak.
Argazkia aurkezteko, azaroaren 2a baino lehenago utzi beharko da Kontzeju tabernan. Ez da komeni argazki originala aurkeztea. Originalaren kopia bat eskatzen dugu, gero komisioaren esku geratuko baita argazkia. Beraz, aurkeztu nahi den kopia sobre batean sartu behar da, eta zeinena den argazkia, argazkiaren azalpen txiki bat eta kontakturako telefono zenbakia jartzea eskatzen da. Aukeratutako argazkiekin datorren urterako egutegi eder bat egiteko asmoa dugu. Beraz, zuen parte hartzea eskatzen dugu mesedez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun