Goizuetako labaderoa

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 10a

Goizueta 1900, mendearen hasiera

Latza izan zen goizuetarrontzat pasa berritako XIX. mendea. Independentziako Gerra, hiru gerrate karlista eta matxinada eta miseria franko nozitu baitzuten berta-bertatik. Monje, bizkonde, markes, olajaun eta maiorazkoen garaia pasaxea zen. Olak itxi, etxeak eta lurrak utzi, diru mordoak hartu eta Donostia eta Madril aldera abiatuak baitziren. Ollingo minak eta herriko hiru errotak nekez irauten zuten betiko lanean, eta gazteak Ameriketara begira jarriak zeuden.

Baina, mende berriarekin, Goizueta berriz atzera ernatzen hasi da, eta indartsu gainera, batez ere, argindar zentralen mugimendu berriarekin. Eta honek bestelako inbertsoreen eragin nabaria ekarriko zuen herrira: Ubarretxena, Sociedad Vasco Belga, Donostiako Tranbia Konpainia, Hispano Suiza, Cementos Rezola, Errenteriko Papelera...

Donostira argindarra bidaltzeko zentralak eta kanalak, edo Hernanitik Goizuetaraino kamio berria egiten ari ziren 1887 urterako. Ura etxeetara ekartzeko tuberia berria paratzen 1893an. Telefonoa bazen 1896an. Goizuetako Sociedad de Molinosen eskutik argindarra iritsi zen etxeetara 1904ean.

Donostia handitzen ari zen erruz, eta Goizuetako ikatz, arkume, artile, zekor eta arraultzek harako bidea hartu zuten kamio eta auto berriekin. Hala ere, langileak –neskame, igeltsero, mandazai, ikazkin, nekazari edo morroi– lehengo kondizio gogorretan segitzen zuen lanean, diru haundirik ikusi gabe, eta zorrak ezin ordainduz merkatari aberats berriei. Beste batzuk, kontrabandoan edo tratalari, sosa aisaxeago ateratzeko bidea izan zuten. Baina, orduko edozein langileen ametsa, argindarren zentralak eta kanalak zaintzeko lana izan zen, ordaintzen zuten jornal ona eta seguruagatik.

Osasun prebentzio neurriak ere garrantzi handia hartu zuen garai hartan. Maiz, kolera edo tifus gaitzak jota hil egiten baitzen jendea. Udalak osasuna eta garbitasuna hobetu nahian labaderoak egin zituen, eta etxeak ur garbiz hornitu, eta ur zikinak bideratzeko neurriak hartu. Gorreneko minazuloko iturritik hartu eta ura ekarri zuen etxeetara 1896an. Ur zikinen isurbidea ere, Txumekatik hasi eta Errekaundiraino, 1915ean egin zuen.

Goizuetako labaderoa
Goizuetako Udalak 1904 urtean Zibolako nagusiari, Bizconde del Cerro jaunari, Zubimusu etxea erosi zion 1750 pezetatan, behean labaderoa, aurreneko pisuan nesken eskola eta goian maisu-maistren etxebizitza egiteko. Etxea lau paretetan zegoen, teilatu eta barrenak erorita. Elkarri erantsiak dauden Marijoangonea eta Zubimusu (labaderoa) etxeak XVI. mendeko eraikin interesgarriak dira, orduko estiloan gorde dituzten harrizko leiho eta ate ederrengatik bakar bakarrik. Zubimusuren atzekaldean, berriz, garai bateko baskula edo mataderoa ikus daitezke, umetako bizitzan nola ikusten genuen pisatu ondoreko abereen saihestezineko heriotza oroituz.

Goikoiturriko errekan presatxoa egin eta, 1908an ekarri zuten ura, Zubiaundian barrena, burnizko tuberia batean. Labaderoa, barrenez barren 16 x 5,5 metrokoa da, eta askak 3 x 12 metro ditu. Pentsa labadero honek garai hartako emakumeei nolako aurrerapena eta erosotasuna ekarriko zien! Ordura arte erreka bazter batean edo urrutiko labadero ttiki haietan garbitu behar izaten baitzuten arropa, eta ez honelako toki eroso eta estalian. Bai, zerbitzu ederra eman dio herriari 1980 aldera arte. Ordurako garbigailu modernoak hasiak baitziren. Hala ere, batek edo bestek segitu zuen hona etortzen, Martzelina, Maria Baxtera eta... Errematea izan zuen arte, Goikoiturri inguruan pista egitekoan ur hodiak urratu eta urik gabe gelditzean. Geroztik, hogei bat urtez edo, biltegi gisa erabili zen, 2007an auzolanez berriro martxan paratu zen arte, orain ikusten duzun modura. Honen aurretik, 1890ean Zibolan eta Goikoiturrin eraikitako labadero koxkorrak erabiltzen ziren arropa garbitzeko. Zibolakoa 1947ko uholdeak eraman zuen oso osorik, eta Goikoiturrikoa oraindik ikus daiteke. Baina, herrian ez ezik, baserri auzoetan ere bazituzten arropa garbitzeko lekuak: Akolakoa, Alkaxarrekoa… Jose Javier Etxeberria Goizueta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun