Iaz izandako arrakastari jarraipena emanez, Aurrera Kirol Elkarteak bere bigarren eguna ospatuko du urriaren 4an. Gisa honetako berriekin, beste behin ere, nabarituko da herriko kirol elkarteak une latzak atzean utzi zituela eta egun sasoi onean dagoela. Kirol Elkarteko ordezkariek ekintza eta jarduera ugariz hornitutako eguna antolatu dute. Goiz-goizean hasi eta ordu txikiak iritsi arte, gauza ugariz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Programazioko eduki gehienak bazkideei gidatuta daude, baina halere, jaia herrira zabalduko dela aintzat hartuta bazkide ez diren herritarrek ere gogotik gozatu ahal izanen dute.
Egitarau zabala
Goizeko 9:00etan diana izanen da.
10:00etatik 14:00etara Rokodromoa, tirolina eta zaldiak haurrentzat.
11:00etan Aurrerakoen artean pilota partidak jokatuko dira plazan.
Ondoren Aurrerako dantzariek dantza saioa eskainiko dute.
12:30ean Aurrera Futbol Taldeak ligako partida jokatuko du Arkiskilen Amayaren kontra.
Bitartean, 13:00etan poteoa izanen da herrian Incansables txarangarekin.
14:30ean Aurrerako bazkideek bazkaria izanen dute Karrapen.
Bazkalondoan bazkideen ingurutxoa dantzatu ondotik, berriz ere Incansables txarangarekin poteoa eginen da.
21:30ean luntxa eskainiko da Aurreran. Segidan, Leitzako Aurrera elkartearen eguna bukatzeko, Agerralde akordeoilariarekin dantzaldia izanen da.