Bukatu da Eskuz Binakako Txapelketaren IV. edizioa

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

Argazkia: Sagrario LASARTEk utzitakoa TTIPI TTAPA

Irailaren 22ean jokatu ziren Leitzako Eskuz Binakako IV.Txapelketaren finalak. Beste behin ere, Aurrera Pilota Eskolak antolatutako lehiara Euskal Herri zabaletik etorritako jendetza bildu zen Amazabal pilotalekuan. Orotara bost final jokatu ziren. Partida batzuk besteak baino ikusgarriagoak suertatu ziren arren, denek izan zuten euren emozio eta dotorezia puntua. Nabarmentzekotan, kadete eta nagusien mailakoak leudeke. Bietan ere, aurrelari txapeldunek bikain jokatu zuten eta gozatu ederra eman zieten pilotalekura gerturatu ziren ikusleei. Alebinetan, Garziarena-Iribarriak 18 eta 15 irabazi zieten Sagastibeltza L. eta Bakaikoari. Infantiletan, Olano-Artola bikotea 5ean gelditu zen Elezkano eta Hernandorenaren kontrako partidan.

Kadeteetan, Arrieta-Jauregik 18 eta 16 irabazi zieten Tainta-Arratibeli. Jubeniletan, Jaunarena-Zabaleta 22 eta 5eko markagailuarekin txapeldun izan ziren Ansotegi-Albisuri irabazita. Nagusien partidan, azkenik, Urtasun-Jauregik 22 eta 16 irabazi zieten Renobales-Madariagari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun