Herriarenak diren mendietan hurrengo neguan burutuko diren landaketen plangintza onartu zuen Udalbatzak hil honen 18an egindako aparteko osoko bilkuran. Kasu guztietan Nafarroako Gobernuarekin adostu du Udalak aldatu beharreko landare mota. Bestela, jakina, ez baitu dirulaguntzarik jasoko. Hala ere, ez dute paraje guztiek tratamendu berdina izanen. Petriseneako 3,49, Aritziarrako 19,58 eta Deskargako 7,68 hektareatako landaketak Udalaren esku egonen dira erabat eta %80ko subentzioa jasoko dute Iruñetik. Horixe da, hain zuzen, leku horietan konifero gehiago sartzearen arrazoia. Sekuoia, douglas izeia, tuliperoa, criptomeria eta beste zenbait landare mota sartuko dira aipatutako parajeetan.
Beste bi mendietako lanak, Zimizketa eta Easporru, Gobernuaren kontura joanen dira. Lehenengoan ia 15 hektarea landatuko dira, eta hemen ere goian aipatutako espezieak nagusi dira, proportzio txikiagoan bada ere. Easporrun, berriz, 30 hektarea garbitu, itxi eta zulatuko dira ia 24.000 landare aldatzeko. 124.682 euroko aurrekontua du Iruñeak bi mendi hauetarako.