Alemanian jokatutako nazioarteko sega topaketa batean, Ainhoa Ansa herriko segalariak zortzigarren postua eskuratu zuen duela aste pare bat. Almitza Sega Elkartean ari da Ainhoa eta zortzigarren postu hori 90 zentimetro azpiko segarekin lortu zuen. Alemaniako Murrhardt-Göckelhof herrian egin zen txapelketa.
Duela urtebete ere, garai honetan, saio txukuna egin zuen Ainhoak Ixabel Ansa izebarekin batera. Ordizian (Gipuzkoa) jokatutako Euskal Herriko nazioarteko erako txapelketan izan zen. Taldeka bertze birekin aritu ziren Ansatarrak, Elgarrekin izeneko taldean, eta emakumezkoetan txapeldun atera ziren.