Leitzako III. Zaldiaren Egunak aurre egin zion eguraldi euritsuari

TTIPI TTAPA 2008ko ira. 18a, 16:59

Aurrera Perrak antolatutako ekitaldira 80 bat zaldi bildu ziren

Leitzako Aurrera Perra elkarteak, Plazaolako Partzuergo Turistikoaren, Leitzako Udalaren eta bertze zenbait erakunde eta komertzioen laguntzaz, hirugarren urtez antolatutako Zaldiaren Eguna ospatu zen larunbatean, irailaren 13an. Inguruarten, zaldiarekin lotutako hainbat ekitaldi ikusi eta egiteko aukera izan zen. Leitza inguruan zaldietarako afizio handia dagoela ederki ikusi zen larunbatean Leitzan, eguraldi euritsuari aurre eginez 80 zaldi inguru elkartu baitziren.

Leitzatrek proba

Lehenik, Guratz-Peruarri ibilbidea egin zuten. Inguruarten, Leitzatrek erakustaldia eskaini zuten. Hain zuzen, trekarekin, zaldiak mendi inguruetan edo zaldi turismoan ibiltzeko dituen trebetasunak erakusten dira, hala nola, koxkak igo, jautsi eta bertze. Zaldi-gurdietan ibiltzeko, zaldiak eta pottokak ikusteko eta perratze erakustaldiak ikusteko aukera ere izan zen. Itxuraz ez ziren zailtasun edo arrisku handiko probak, baina zaldiaren izaera eta heziketa ona erakusteko arras baliagarriak.

Zikiro-jatea

Eguerdi partean plazan zaldi proba eta zikiro-jatea izan zen. Arratsaldean segida izan zuten Inguruarteko ekitaldiek eta heziketa edo doma mota ezberdinak ikusteko aukera izan zen: heziketa naturala, western, espainiarra eta bertze… Zaldiaren Eguna akautzeko, Aurrera elkartean zaldiekin eta zaldunekin hain lotua dagoen country musika aditzeko aukera izan zen, Lobo & Carmina taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun